Ekonomia -

Greziaren bigarren erreskatea

'Europar Batasunaren akordioa oxigeno-baloia da', adituen arabera

Pablo del Barrio analistak adierazi du orain Greziako krisia Italian eta Espainian ematea saihestuko daitekeela. Sindikatuen iritzian, agerian geratu dela zorroztasun ekonomikoak balio ez duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia adituen ustez atzo Euroguneko buruzagiek Greziaren bigarren erreskatea onartzeko hartu zuten erabakia "oxigeno baloia" da, "denbora irabazi da eta merkatuek ondo har dezakete hori".

Europa Press Television agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Pablo del Barrio X-Trade Brokersen ekonomia analistak azaldu du azken egunetan merkatuek zenbait gorakada izan dituztela, Europako politikagintzan "oso jende eszeptikoa badagoen arren". "Baina nire iritzian ''aski da'' esan da eta euroa sortu zenetik izan den krisi larrienetik ateratzen hasiko gara orain".

Atzoko bilera uda aurretik egin izana positibotzat jo du; izan ere, irailerako iragarrita zegoen eta aurreratu izana "merkatuen onerako izango da". "Balorazioa ona da eta merkatuek hala dela erakutsi dute", erantsi du.

Merkel, Europako Bankua eta Grezia

Del Barriok esan du azkenean Angela Merkel kantzelari alemaniarrak berea lortu duela, "Greziako zorraren berregituraketan erakunde pribatuek ere parte hartuko dutelako". Hori bai, "orain kalifikazio agentziek erabakiko dute kontrolpeko porrot bezala izendatu ala ez", zehaztu du.

Europako Bankuak ere bere helburua erdietsi duela uste du Del Barriok, izan ere, "erreskate-funtsa beste herrialde batzuetako zorra erosteko ere erabili ahal izango da eta horrek merkatuetako tentsioa lasaituko du".

Greziak ere berearekin atera dela azaldu du, "bere finantzazioa 3,5era jaitsiko delako eta zorra itzultzeko epea 15 urte eta erdira luzatu dutelako".

Merkatuak eta Espainiako egoera

Merkatuen egoeraz galdetuta, Del Barriok nabarmendu du "ondo" ari direla erantzuten, arrisku-sariak "behera" egiten hasi direla eta horrek Greziako krisia Italiara eta Espainiara zabaltzea saihestu beharko lukeela.

Greziak, Portugalek eta Irlandak bizi dute egoera Espainiara hedatzen hasi zen arren, "egoera orain positiboagoa da". Horrenbestez, "Espainiak erreskaterik behar izango ez duela espero dut".

Gainera, Estatuko bankuen kasuan "abantaila" dagoela iritzi dio, Greziako zorraren eragina Frantziako, Alemaniako eta AEBetako bankuek sofrituko dutelako gehienbat.

Espainiak eta Frantziak goi-bilera horretan banku-tasa bat ezartzea proposatu zutela eta, Del Barriok adierazi du "dirua biltzeko modu ona" dela, baina "ondorioak berdinak" direla eta azkenean Grezia krisitik ateratzea dela onena.

Sindikatuak: "Agerian geratu da egungo zorroztasun ekonomikoak funtzionatzen ez duela"

Bestalde, Europako Sindikatuen Konfederazioak azpimarratu duenez, Europar Batasunak atzoko goi-bileran hartutako erabakiak "agerian utzi du egungo zorroztasun ekonomikoak funtzionatzen ez duela".

Interes-tasak jaistea eta zorrak ordaintzeko epea luzatzea begi onez hartu dute sindikatuek, baina krisiari aurre egiteko plana hori osatu egin behar dela uste dute. Bernardette Segol Europako Sindikatuen idazkari nagusia Jose Manuel Durao Barroso Europako Kontseiluko presidentearekin bilduko da arratsaldean atzo adostutako estrategiaren xehetasunak azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea