Ekonomia -
Epaia
Emakume bat amiantoz kutsatutako arropa garbitzeagatik hil zela ebatzi dute
Biktimaren senarrak CAF konpainian lan egiten zuen eta haren arropetan amiantoa zegoen. Emazteak garbitzen zituen buzoak, eta osagai toxiko horrek eragindako gaixotasun baten ondorioz hil zen.
Agentziak | Erredakzioa
CAFek 175.897 euro ordaindu beharko dizkio amiantoaren biktima izan zen etxekoandre baten alargunari, bai eta beste senide bati 15.000 euro ere, epai judizial batek ebatzi duenez. Amiantoarekin kontaktuan egoteagatik harrapatutako gaixotasun baten ondorioz hil zen emakumea, eta senarrak CAFen lan egiten zuen; bertan, substantzia hori zegoen, eta emazteak senarraren lan-buzoak garbitzen zituen.
Amiantoaren Euskadiko biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteak, ohar bidez, nabarmendu du "gaixotasuna hainbat urtez senarraren lan-arropa garbitzeagatik harrapatu zuen emakume batentzat" zehazten duela epaiak kalte-ordaina.
Elkarteak esan duenez, hildakoa 2017ko martxoaren 22an hil zen, eta Beasaingo CAFeko langilearen emaztea zen. Asviamiek ziurtatu du langileen bikotekideei ere egin diezaieketela kalte horrelako gaixotasunek: "Enpresen zabarkeriaren ondorioz, baliteke hiltzea ere".
Elkarteak, gainera, salatu du CAF enpresak "oztopoak" jarri dituela; Asviamieren iritziz, CAF ahalegindu da "ardurak bere gain ez hartzen, eta prozesu judizialak luzatzen".Gainera, berriro ere, eskatu du Diputatuen Kongresuak "behingoz" onartzea amiantoaren biktima guztientzako Konpentsazio Funtsaren proiektua, “bizirik daudenean jaso dezaten ordaina”.