Ekonomia -
LAN-GATAZKA
LAB sindikatuak Metalurgicas Iruña enpresaren itxiera salatu du
Enpresako hamar lanpostuen galera salatu dute. Langileek hainbat hilabete zeramatzaten soldatarik jaso gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak Metalurgicas Iruña enpresaren itxiera eta, horren ondorioz, enpresako hamar lanpostuen galera salatu du. Langileek hainbat hilabete zeramatzaten soldatarik jaso gabe.
Enpresak TRW Landaben, KYBSE eta Magnesitas bezalako enpresei eskaintzen zizkien zerbitzuak. Azken urteetan egoera latzak jasan ditu; sindikatuak komunikatu batean adierazi duenez, "gerentearen eta gainerako arduradunen kudeaketa txarragatik". Arazoak “beti konpondu dira langileen poltsikoetara jota”, gehitu dute.
Zehaztu dutenez, "2019ko ekainean enpresako zuzendaritzak Hitzarmena urratu zuen soldatak izoztean" eta "lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartu zuen". Hala ere, langileek "berandu" jaso zuten iraileko soldata eta urritik "ez dute soldatarik jaso".
Hori dela eta, langileek mobilizazioak antolatu zituzten, LAB sindikatuko ordezkaria "egoerari buelta emango zion elkarrizketarako bide bat mantentzen" saiatu zen bitartean. Hala ere, zuzendaritzaren "autoritarismoaren eta harrokeriaren" ondorioz, ezinezkoa izan da, haien esanetan, "datuak ezkutatzera eta langileak mehatxatzera" mugatu baitira.