Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko erakundeen Legea onartu dute
Egun, 200 erakunde inguru daude Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.300.000 bazkide eta 19.000 milioi euroko ondarearekin (EAEko Barne Produktu Gordinaren %30).
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko erakundeen gaineko Lege berria onartu du gaur. Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu duenez, "kudeaketaren gizarte-aurreikuspen osagarria orokortu" eta "gardentasuna, eraginkortasuna, nahikotasuna, berrikuntza eta profesionaltasuna indartzeko helburua" du Lege berri horrek.
Egun, 200 erakunde inguru daude Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.300.000 bazkide eta 19.000 milioi euroko ondarearekin (EAEko Barne Produktu Gordinaren %30).
Legeak botere publikoen babesa eta kontrola arautuko ditu, "mota honetako erakundeen bazkideen eskubideak babesteko". Izan ere, erakundeon ezaugarririk garrantzitsuenak euron helburuetan oinarritzen dira: "Kontingentzia pertsonalen aurreko babesa: erretiroa, elbarritasuna, heriotza, epe luzeko langabezia, gaixotasun larria, gastu medikoak, etab".
Era berean, Euskadin dauden nekazal, arrantza eta abeltzantzaren arloko 80tik gorako elkarlaguntzako sozietateak, kofradiak eta ermandadeak ere (Sutearo y Heriotzearo) Legearen eremuan sartzen dira. Hauek honako kontingentzia hauek hartzen dituzte: Ehorzketa eta etxebizitzan, abereengan, uztan, basoetan, itsasontzietan edo bazkidearen lanbidearekin lotutako edozelako ondasunetan izandako kalteak.
Legearen berrikuntzetako bat Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde nagusien zein planen oinarrizko irizpideen ezarketa eta moldaketa da. Izan ere, irizpideok gizarte-aurreikuspen osagarriaren oinarrizko elementu bilakatzen dira enpresaren hitzarmen edo itunen bidez; bazkideen sarreran bazterketarik eza bermatzen duten eskakizunak direlarik eta prestazio jasotzea biziarteko errenta modura ezartzen dutelarik nagusiki, 15 urtez gutxienez.
Legeak erakundeak definitu eta sailkatzen ditu lehenengoz estalitako kontingentzia eta bazkideen arteko loturaren arabera: banakakoa, enplegukoa, elkartuak eta bereizi gabeak. Era berean, Aurreikuspen planak ere bazkideen arteko loturaren arabera sailkatzen dira (banakakoak, enplegukoak eta elkartuak) eta ekarpen eta prestazioen erregimenaren arabera (ekarpen definitukoak, prestazio definitukoak eta mistoak).
Legean ere ezartzen da gizarte-aurreikuspeneko planen erregimen juridikoa, sortzetik amaitu arte arautuz, baita BGAEan txertatzeko era eta gizarte-aurreikuspeneko planen garraioa ere enplegu eta elkartuen kasuetan zeintzuetan bazkideak eta aktiboak garraio ditzaketen beste BGAE batera honek aurretik onartzen baditu. Legeak, BGAEen Erregistroaren barruan Fitxero Orokor bat sortuko du, bazkide kopuru erreala ezagutu, bikoizketak ekidin, planifikazioa orekatu eta prestazioen kudeaketa egokia bermatzeko.
Horrez gain, Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua sortuko du Jaurlaritzak. Hausnarketa-organo gisa eratuko da eta gizarte-aurreikuspena aztertu, sustatu, hedatu eta babestuko du.