Ekonomia -
Autonomien aurrekontuak
Autonomia erkidegoek 19.000 milioi euro itzuli beharko dituzte
PPk aurreratu duenez, zorra kitatzeko "epea luzatzea" eskatuko du bihar, asteazkenean, izango den Politika Fiskalaren eta Finantzarioaren Batzordean.
Erredakzioa
2009an likidazio negatiboa eman ostean, autonomia erkidegoek 18.736 milioi euro itzuli beharko dizkiote Estatuari, Juan Lopez Carbajo Estatuko Ogasun idazkariak jakitera eman duenez. Gehien ordaindu beharko duen autonomia erkidegoa Andaluzia da (4.637 milioi euro), Kataluniak itzuli beharko duenaren bikoitza (2.487 milioi euro) itzuli beharko baitu.
Horren harian Mariano Rajoy PPko presidenteak iragarri duenez, zorra kitatzeko "epea luzatzea" eskatuko du bihar, asteazkenean, Politika Fiskalaren eta Finantzarioaren Batzordean. Rajoyren arabera, "likidezia arazo honek ez du defizit publikoan ezta zor publikoan eraginik izango".
Zapateroren gobernuaren eta PPren esku dauden autonomia erkidegoetako gobernu berrien arteko bilera izango da, eta tentsio handiko bilera izango da seguruenik, maiatzaren 22ko hauteskundeetan PPk zortzi erkidegotan gehiengo absolutua lortu duela kontuan izanda.
Uste baino defizit altuagoa aurkitu dute
Gainera, aurreko arduradunek aitortutakoa baino defizit handiagoa aurkitu dutela salatu dute PPk zuzentzen dituen erkidegoetako buruek, Maria Dolores de Cospedal Gaztela-Mantxako presidenteak tartean.
Gobernu autonomikora iritsitakoan, uste baino defizit handiagoa eta espero baino faktura gehiago ordaindu gabe aurkitu dituztela salatu du Ignacio Diego Kantabriako presidenteak ere. Horren esanetan, 440 milioi euroko zorra aurkitu dute.
Autonomien aurrekontuak egiteko Gobernuak ezarri nahi duen gastuaren araua ere ez du babestuko PPk, "ez baita nahikoa", horren ustez. Arau hori urteko gastuaren gehienezko muga bat da, eta hura kalkulatzeko aurreko bost urteetako eta datozen hiru ekitaldietako BPGren bilakaera hartzen da kontuan. Gobernuak autonomia erkidegoetan ezartzea nahi du, Estatuko nahiz udaletako aurrekontuetan egin ostean.