Ekonomia -

Osoko bilkura, Kongresuan

Eurotaldearen neurriak ezartzea premiazkoa da, Zapateroren ustez

Gobernuko presidenteak esan duenez, egonkortasuna ez da "egun batetik bestera" lortuko.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak esan du Eurotaldeak eurogunea indartzeko eman dituen pauso berriak "nabarmenak" eta "garrantzi handikoak" direla, eta nahi diren emaitzak lortzeko "lehenbailehen" ezartzea premiazkoa dela gaineratu du. Hala ere, Gobernuko presidenteak gaineratu duenez, egonkortasuna ez da "egun batetik bestera" lortuko.

Euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek joan den ostegunean egin zuten bileraren berri emateko Kongresuko Bilkuran egin duen agerraldian, Zapaterok adierazi du "konpromiso politiko garrantzitsua" lortu dutela, "herrialde bakoitzaren lehentasunen gainetik dagoen konpromisoa", alegia. Europan barneratze handiagoa sustatzeko eta batasun ekonomikoa bermatzeko "beharrezkoa dena egiteko konpromisoa" azaldu du, eta helburua lortu arte, euroguneko egonkortasuna lortu arte, ez dela geldituko adierazi du.

Gobernuko presidenteak gaineratu duenez, Eurotaldeari eta hori osatzen duten herrialdeei eskertu egin behar zaie egoerari "neurri indartsuekin" aurre egiteko gaitasuna. Presidentearen iritziz, goi bilera horretako gauzarik deigarriena, erabaki "argien eta zehatzen gainetik", "egonkortasuna lortzeko edozer egiteko gai den elkarlana da".

Zapaterok goi bilerak hiru kontu finkatzeko balio izan duela azaldu du: Greziari laguntzeko programa berria, herrialde horretako krisia konpontzeko sektore pribatuak izango duen parte-hartzea eta erreskaterako fondoaren malgutzea, "Europako benetako diru funtsa izan dadin".

Halaber, erabaki horien "balio politiko garrantzitsua" azpimarratu du, "agintaritza ekonomikoan aurrerapausoa izateaz gain, euroaren proiektuan egonkortasuna emateko helburua baitute".

Egonkortasuna lortu

Presidenteak onartu egin du azken hilabeteetan Greziaren egoera konpontzeko edo euroguneko finantza egonkortasuna lortzeko erabaki "zehatzik" adostu ez izanak euroguneko herrialde guztietan "tentsio sistematikoak" eragin dituela.

Horrela, eurogunearen ezegonkortasunak "Espainiari zuzenean egiten dio kalte eta etengabeko ardura eragiten du"; izan ere, Altxorraren finantzaketa garestitu ez ezik, Estatuko ekonomiaren erronka, "lana sortzeko ekonomia suspertzea", zaildu ere egiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea