Ekonomia -
EAEko 'opor fiskal txikiak'
Gipuzkoak neurriak aztertuko ditu enpresa kaltedunekin
Bilduren foru gobernuak azaldu du denbora behar duela epaia "sakon" aztertzeko, eta opor fiskalen auzian ez duela "EAJk diseinatutako bidea" jarraituko iragarri du.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak adierazi du errespetatu egiten duela Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ''opor fiskal txiki''en inguruan publikatutako epaia, eta iragarri du ez dutela jarraituko EAJren aurreko gobernuak "diseinatutako bidea" opor fiskalen auzian.
Agiri batean, Bilduren foru gobernuak azaldu du epaia "sakon" aztertuko dutela, denbora behar baitute. Izan ere, agintera "duela hilabete eskas" iritsi zirela gogorarazi du.
"Gainera, epaia aurreko legegintzaldiari dagokio, eta, beraz, beste alderdi baten (EAJ) kudeaketa epaitu dute, ez gurea", nabarmendu du Martin Garitanoren Exekutiboak.
Aldundiak gaineratu du Auzitegiaren epaiak errespetatzera behartuta daudela, "eta kasu honetan, hori da gobernu honek egingo duena".
"Ez gaude hemen gipuzkoarren dirua xahutzeko, baizik eta beharrezkoa den arloetan inbertitzeko, hau da, gipuzkoarren bizi kalitatean eta gure lurraldearen garapenan. Gobernu hau eragile guztiekin hitz eginez irtenbide egokiena aurkitzen saiatuko da", esan du.
Bestlde, Xabier Olano Gipuzkoako Aldundiko Ogasun zuzendariak iragarri du neurriak aztertuko dituztela eragile guztiekin, "enpresa kaltedunekin batik bat", epaiak enpresetan eta gipuzkoarrengan eragin txikiena izan dezan.