Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu enpresei eta osasun arloari laguntzeko

200 milioi euro osasun sistema indartzeko izango dira, 55 milioi euro egoera ekonomiko ahulenean dauden kolektiboentzako, eta 586 milioi euro enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.

Bilboko kaleak, hutsik. Argazkia: EFE
Bilboko kaleak, hutsik. Argazkia: EFE
Bilboko kaleak, hutsik. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko neurri ekonomikoak iragarri ditu. Hala, 841 milioi euroko diru-funtsa onartu du, eta horietatik 200 osasun sistema indartzeko izango dira; 55, egoera ekonomiko ahulenean dauden kolektiboentzat; eta 586, enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bilera egin du bideokonferentziaz, eta bertan onartu dituzte neurri ekonomiko-sozialak, Iñigo Urkullu lehendakariak Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera emandako prentsaurrekoan iragarritakoak.

Urkulluk zehaztu du Osasun sistemari laguntzeko 200 milioi euroko partida sendagaien kudeaketara eta osasun alorreko materiala erostera bideratuko dutela, besteak beste. Horrez gain, prebentzioko arretan, telefono bidezko aholkularitzan, ospitaleetako eta etxez-etxeko langileen babesean, ospitaleen berrantolaketan eta kutsatutako pertsonak artatzeko eremu berrietan inbertituko dute dirua.

Lana eta familia uztartzeko laguntza zuzenak ere emango dizkiete familiei, eta osagarriak izango dira adingabeak edo mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko eszedentzien edo lanaldi murrizketen laguntzekin.

Familiei eskola garraioaren, laguntza zerbitzuen eta jangelaren gastuak ordaintzen lagunduko diete, eta alokairurako beste osagarri bat ere emango dute.

Horren harira, Urkulluk azaldu du apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitateko gastuak kenduko dizkietela EAEko babes ofizialeko etxeetan eta koronabirusaren ondorioz egoera ekonomiko larrian daudenei.

Jarduera ekonomikoa 

Ez du kritikatu nahi izan Espainiako Armada egiten ari den desinfekzio lana, eta Espainiako Gobernuak garbiketa horiek Estatuaren esku dauden azpiegituretan egitea erabaki duela esatera mugatu da. Gainerako eremuen garbiketaz Jaurlaritza arduratzen da, aldundiekin, udalekin eta babes zibilarekin elkarlanean.

Lehendakariak esan du jarduera ekonomikoa beharrezkoa dela oinarrizko zerbitzuei eusteko: "Behar-beharrezkoa da protokolo zorrotzak bermatzea enpresetan pertsonen segurtasuna zaintzeko".

"Egoera honetan, langileen segurtasunarekin bateragarria den jarduerari eusten saiatu behar dugu. Logistika, hornidura, energia eta oinarrizko kontsumoko produktuen banaketa martxan izaten. Hori da enplegua babesteko modua", azpimarratu du.

Kazetarien galderei erantzunez, Urkulluk ohartarazi du jarduera ekonomiko oro geratzeak kalte egingo liekeela zerbitzu sozialei eta "kolpe gogorra" izango litzatekeela "enpresentzat, jarduera ekonomikoarentzat eta enpleguarentzat, eta onera itzultzea oso zaila" gertatuko zela. Dena dela, agindu hori ezartzekotan, Estatu osoan eta osasun arrazoiengatik egin beharko litzaekeela esan du.

Aitortu du "disfuntzio" batzuk gertatzen ari direla Estatuak erosten dituelako modu zentralizatuan osasun materiala eta koronabirusaren testak, baina konpontzen ari omen dira. "Ez dira errudunak seinalatu behar, irtenbideetan gaude zentratuta", adierazi du.

Alarma egoera luzatzearekin ados agertu da, eta Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko prest Diputazio Iraunkorreko Mahaiak hala erabakiz gero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Gizarte zerbitzuak albisteak