Ekonomia -

Koronabirusa

2020ko atzeraldia "2009koa bezain txarra, edo txarragoa" izango da, NDFren iritziz

2021erako susperraldia "nabaria" izango delakoan dago Nazioarteko Diru Funtsa; nolanahi ere, zain dago krisia noiz konponduko duten egiaztatzeko, horrek baldintzatuko baitu susperraldi hori.

New Yorkeko kale bat, ia hutsik. Argazkia: EFE.
New Yorkeko kale bat, ia hutsik
New Yorkeko kale bat, ia hutsik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu-mailako ekonomian 2020an izango den atzeraldia "2009koa bezain txarra izango da, edo txarragoa", koronabirusaren epidemiaren eraginagatik eta hainbat herrialdek ezarritako euste-neurriengatik, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari gerente Kristalina Georgievak zehaztu duenez. Georgievak, halaber, adierazi du 2021rako "errebote-efektua" dutela aurreikusita, baina zain daudela, koronabirusaren krisia noiz konponduko duten egiaztatzeko; izan ere, horrek baldintzatuko du susperraldi hori.

"2020rako eta 2021erako gure aurreikuspenak berraztertu ditugu, eta, egun, argi dago mundua atzeraldian sartu dela; gure ustez, 2009ko finantza-krisia bezain txarra izango da, edo txarragoa", esan du Georgievak, prentsaurrekoan. Nabarmendu duenez, 2021rako aurreikusitako susperraldia "nabaria" izan liteke, baina bi eragilek baldintzatuko dute hori: alde batetik, noiz izango den birusa kontrolpean herrialde guztietan; bestetik, likidezia-arazoak kaudimen-arazo ez bilakatzea lortuko duten ala ez.

Hain zuzen, NDFko zuzendariak kezka agertu du; izan ere, baliteke porrot eta kaleratze askok, susperraldian eragina izateaz gain, gizarteak zeharo kaltetzea. Testuinguru horretan, pandemiaren eragina arintzea helburu hainbat herrialdek egindako zerga- eta diru-ahaleginak goraipatu ditu; G20ko herrialdeek 5 bilioi dolar emango dituzte (4,5 bilioi euro), eta hori ere ekarri du gogora zuzendariak.

Georgievak, halaber, esan du Ameriketako Estatu Batuetan onartutako bizigarri-plana "neurri egokia" dela. Plan horretan 2 bilioi dolar erabiliko dituzte (1,81 bilioi euro), eta COVID-19 gaitzaren eragina AEBn eta mundu osoan arintzen lagunduko du.

80 bat herrialdek eskatu dute laguntza

Georgievaren esanetan, garapenean dauden ekonomien finantzazio-beharrak 2,5 bilioi dolarrekoak dira; berretsi ere berretsi du, osteguneko G20aren goi-bileran egin zuen bezala, "herrialde-kopuru oso handi batek" eskatu diola NDFri premiazko laguntza. Hortaz, esan du beharrezkoa dela Funtsaren ahalmena bikoiztea, laguntza hori eman ahal izateko.

Esan duenez, 80 herrialdek eskatu dute laguntza hori (diru-sarrera txikietako 50 batek, eta diru-sarrera ertainetako 30 batek). Herrialde horien % 75k finantza-laguntza eskatu dute, eta gainerakoek kontsultak egin dituzte, baina litekeena da azken horiek ere laguntza finantzarioa eskatzea, zuzendariaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur NDF albisteak gaur Gaixotasunak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa olatu berria