Ekonomia -

Koronabirusa

Aldi baterako lan-erregulazioa onartu dute Nafarroako Volkswagenen

Enpresak martxoaren 15ean eten zuen ohiko jarduera industriala, batetik, egun ez dagoelako langile nahikorik lantegian, eta, bestetik, enpresak ezin duelako langileen osasuna bermatu.

Landaben. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Landaben.
Landaben. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Volkswagenek martxoaren 26an "ezinbesteko arrazoiak" argudiatuta proposatutako aldi baterako lan-erregulazioa egiteko eskaera onartu du Nafarroako Gobernuak asteazken honetan.

Hala jasotzen da Landabengo lantegiko zuzendaritzak langileei helarazitako oharrean. Izan ere, Foru Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak ondorioztatu duenez, "aldi baterako lan-erregulazio eskaera aztertuta egiaztatuta geratu da ezinbesteko arrazoiengatik egin dela; COVID-19 gaitzak eragindako ezohiko egoera honek irauten duen bitartean".

Horrek "langileentzako lasaitasuna" ekarriko duela aitortu du Alfredo Morales langile batzordeko presidenteak. Landabengo lantegian 5.000 behargin inguru daude lanean.

Erabaki horrekin, "langileok laneko segurtasuna eta segurtasun juridikoa dugu, gutxienez egun hauetarako", gaineratu du langile batzordeko presidenteak.

Une honetan, "denok gaude egoerak hobera egiteko zain, hori baita garrantzitsuena", esan du Moralesek, eta enpresa "jarduerara itzultzeko aukera" aztertzen ari dela jakinarazi du. "Lan teknikoa izango litzateke, baina oraindik ez dago horretarako data zehatzik finkatuta", gaineratu du.

Nafarroako Volkswagenek hainbat arrazoirengatik jo zuen beharrezkotzat aldi baterako lan-erregulazioa martxan jartzeko eskaera egitea: batetik, ezinezkoa delako ekoizpena martxan jartzea, egun ez baitago langile nahikorik lantegian, eta, bestetik, gaur egun bizi dugun egoera honetan enpresak ezin duelako langileen osasuna bermatu. Testuinguru horretan, enpresak martxoaren 15ean, igandea, eten zuen ohiko jarduera industriala.

Eskaera hori "COVID-19 gaitzaren ondoriozko etenaldiaren akordioan" jaso zen, eta UGT, CCOO, ELA eta CCP sindikatuek (ordezkaritzaren % 83) babestu zuten. LABek eta CGTk, aldiz, ez zuten erabaki hori babestu.

Akordioak jasotzen duenez, sinatzaileek "enpresari babesa emango diote dagozkion erakundeen aurrean, aldi baterako lan-erregulazioa onartzeko eta ondoren ezartzeko"; "espediente horren aplikazio-baldintzak martxoaren 6ko bileran erabakitakoak izango dira, 2018an adostutako aldi baterako lan-erregulazioaren ondorio direnak", erantsi dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nafarroa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Volkswagen Nafarroako Gobernua Enpresaburuak Koronabirusa Automobilgintza