Ekonomia -

Koronabirusa

10.974 langabe gehiago martxoan EAEn eta 3.390 Nafarroan, koronabirusaren ondorioz

Euskadin, otsaileko datuekin alderatuta, % 9,36 egin du gora langabeziak, eta 128.213 langabe daude guztira. Nafarroan, berriz, % 9,98koa izan da igoera, eta orotara 37.365 langabe zenbatu dituzte.

Langileak Bilbon. Argazkia: EFE
Langileak Bilbon.
2012tik sekula izandako daturik txarrena izan du langabeziak martxoan

1:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, langabeen kopuruak nabarmen egin du gora Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoan; izan ere, aurreko hilabetearekin alderatuta, 10.974 pertsona gehiagok eman dute izena Euskadiko enplegu-zerbitzu publikoen bulegoetan. Beraz, 128.213 langaberekin amaitu da hilabetea.

Otsaileko datuekin alderatuta, % 9,36 egin du gora langabeziak, eta, iazko martxoarekin alderatuta, 10.261 langabe gehiago (% 8,70 gehiago) daude gaur egun Euskadin.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban, % 10,91 egin du gora langabeziak otsaileko datuekin alderatuta (2.109 langabe gehiago); Gipuzkoan, % 9,90 (3.072), eta Bizkaian, % 8,66 (5.793).

Sektore guztietan egin du gora langabeziak, batez ere zerbitzuetan (7.947 langabe gehiago), industrian (1.399), eraikuntzan (880), aurreko lanik gabeko kolektiboan (597) eta nekazaritzan (151).

Martxoan Euskadin zenbatu dituzten 128.213 langabeen artean, 9.589 langabek 25 urte baino gutxiago dituzte; beraz, otsailean baino 963 langabe gehiago izan zenbatu dituzte adin-tarte horretan.

Langabeziaren gorakada gizonen artean izan da nabarmenagoa,  6.060 gizon langabe gehiago izan baitira (57.178 guztira). Emakumeen artean, berriz, 4.914 langabe gehiago zenbatu dituzte (71.035 denera).

Bestalde, 55.692 kontratu sinatu dira martxoan, aurreko hilabetean baino 17.012 gutxiago, eta horietatik 5.517 mugagabeak izan dira (otsailean baino 1.362 gutxiago).

EAEko langabeen kopuruak ez zuen 9.000 pertsonatik gorako gorakadarik izan 2012ko urtarriletik, krisi ekonomikoaren garaian.

Nafarroan, berriz, % 9,98 egin du gora langabeziak martxoan, 37.365 langabe zenbatu baitituzte; beraz, aurreko hilean baino 3.390 langabe gehiago daude, eta iaz baino 3.672 gehiago (% 10,90 gehiago).

Espainian, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 302.265 eskatzaile berri zenbatu ditu aurreko hilabetean, eta, ondorioz, 3,54 milioi langabe daude guztira. 2020ko martxoko datua inoizko daturik txarrena izan da, martxo batean inoiz baino langabe gehiago zenbatu baitituzte.

Aldi baterako kontratuak ez berritzea

Borja Belandia Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren arabera, martxoan izandako langabeziaren gorakada koronabirusaren krisiaren ondorioz jarduera eten duten enpresetan aldi baterako kontratuak ez berritu ez direlako eman da "nagusiki".

Belandiak esan duenez, martxoaren 12a arte, pandemiak eragindako langabeak langabeen erregistroan agertzen hasi zirenetik, joera positiboa zen; horrela, koronabirusaren krisiagatik izango ez balitz, Belandiak azaldu du "2.000 langabe gutxiago egongo lirateke. Ondorioz, koronabirusaren egoerak 13.000 langabe eragin dituela esan dezakegu".

"Eragin handia"

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak aitortu du "eragin handia" izango duela langabeziak, eta "Enplegu Plana birplanteatzea" ekarriko duela.

Gainera, Maeztuk esan du lanpostuen galera 2008ko krisi ekonomikoan baino "azkarragoa" dela, nahiz eta egungo egoeraren eragina laburragoa izatea espero duen.

Gaur jakinarazi dituzten langabezia datuak eskuartean, kontseilariak esan du "erabaki garrantzitsuak" hartu beharko dituztela, tartean "Enplegu Plana egoera berrira bideratu". Horretarako, eragile sozialekin hitz egingo omen dute "etorkizunean eman beharreko pausoak adosten saiatzeko".

"Enplegua galdu duten pertsonen arretan egin behar dugu esfortzua, ahal bezain laster itzul daitezen lan merkatura. Horretarako babes sozialeko neurriak indartu behar ditugu, inor atzean ez uzteko", adierazi du, azkenaldian hartutako neurriak "norabide horretan" doazela azpimarratu aurretik.

Era berean, "esperantzarekin" jaso omen ditu "enplegu politikei zuzenduta Europak egingo duen Finantziazio Planari buruzko albisteak", "elkartasuna ezinbestekoa" delako "mundu mailako osasun, ekonomia eta gizarte krisiari aurre egiteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainia Gaixotasunak Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Enpresaburuak Koronabirusa