Ekonomia -
Koronabirusaren ondorioak
Bildotsa merkaturatzeko proposamenari "duintasuna" falta zaiola diote abeltzainek
Irabaziak eta Jaurlaritzak aurreikusitako laguntza publikoak "bitartekari batzuen interesak ezkutuan finantzatzera" zuzenduta daudela salatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Latxa Esnea, Larsabi eta Artzai Gazta abeltzainen elkarteak Jaurlaritzak bildotsa merkaturatzeko aurkeztutako proposamenaren kontra agertu dira. Abeltzainen iritziz, proposamenak “orain bizi dugun larrialdi egoerari eta krisia gainditzen dugunean etorkizunean izango dugun testuinguruari begira, ez dio sektoreari duintasun minimoa duen konponbidea ematen”. Gainera, proposamen horren irabaziak eta laguntza publikoa “bitartekari jakin batzuen interesei ezkutuan laguntzeko zuzenduta daudela”, uste dute.
Jaurlaritzak, Hazi fundazioaren bitartez, akordio bat egin du Harakai kooperatibarekin. Akordio horren arabera, Jaurlaritzak euskal abeltzainek denboraldiaren amaieran hazitako bildotsak erosteko konpromisoa hartu du, abeltzainak kalte handiak pairatzen ari direlako koronabirusaren ondorioz emandako eskaeraren jaitsieraren ondorioz.
Ohar baten bitartez, abeltzainen ordezkariek esan dute, alarma egoera ezarri zenetik, sektoreak lanean jarraitzen duela produktuak (esnea, gazta eta bildotsak) “kalitatez eta segurtasunez ekoizteko, eta horniketa bermatzeko ahalegin berazia egiten”.
Hala ere, “bildotsaren prezioa % 65 merkatu dela” ikusten ari direla azpimarratu dute, “eta zenbait produktu preziorik gabe eta ordainketa eperik gabe entregatzen ari dira, sektorean eta kontsumitzailearen kalterako”.
Horrekin lotuta, gogora ekarri dute Hazi Fundazioak eta Harakai kooperatibak sinatutako proposamenari Jaurlaritzak egindako proposamenak “prezioei eusteko animaliak erosiko dituela” dioela . Gainera, “kontsumitzaileari produktua helarazteaz arduratuko den enpresa Eroski izango dela dio”.
Kaltea, kontsumitzailearentzat
Halaber, “kontsumitzaileari zuzenean kalte” egiten zaiola esaten dute, “prezio bera edo altuagoa aplikatzen zaiolako, eta honek etorkizuneko prezioen oinarriari ere kalte egiten dio”.
“Prezioak kontrolatzeari buruzko informazioa gardentasun barik egin dute, eta hori, berriro ere, bitartekarien mesederako da. Hau guztia krisi testuinguru batean gertatzea oso larria dela uste dugu”, azaldu dute.