Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritza, enpresa eta autonomoei laguntzeko finantzazio-lerroa zabaltzea aztertzen

Eusko Jaurlaritzak 500 milioiko finantzaketa-lerroa ireki du gaur, astelehenarekin, eta “zintzotasun eta elkartasuna” eskatu die enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei “behar dutenek jaso dezaten”.

Zenon Vazquez, Josu Sanchez (Elkargi), Urkullu eta Azpiazu. Argazkia: Efe.
Zenon Vazquez, Josu Sanchez (Elkargi), Urkullu eta Azpiazu
Zenon Vazquez, Josu Sanchez (Elkargi), Urkullu eta Azpiazu. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza enpresa txiki eta ertainei (ETE), mikroETE-ei eta pertsona autonomoei laguntzeko gaur ireki duen 500 milioi euroko zirkulatzailearen finantzaketa-lerroa zabaltzea aztertzen ari da, gaur adierazi duenez. Dagoeneko guztira 1.230 milioi euro gehitzen duten 7.000 eragiketa inguru egin direla iragarri dute, horietatik 705 autonomoek aurkeztutakoak.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak bilera egin dute gaur Josu Sanchez Elkargiko presidentearekin eta Zenon Vazquez elkarte horretako zuzendari nagusiarekin, egoera aztertzeko.

Datuak mahai gainean, Eusko Jaurlaritzak eskarien eta beharren erradiografia “zehatzagoa” ezagutu beharra egiaztatu du, "finantzaketa-lerroaren zenbatekoa handitzeko aukera hobeto aztertu ahal izateko".

Halaber, lehendakariak eta sailburuak, “zintzotasunerako eta elkartasunerako” deia egin dute, finantzaketa hori benetan behar duenak eska dezan, eta, gainera, bankuei salmenta gurutzaturik egin ez dezatela eskatu diete, beraientzat arriskurik ez duen produktua izanda.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, laguntzon helburua “kolektibo horien likidezia beharrei eta 6 hilabeteko zirkulatzailearen finantzaketari erantzutea” da.

Finantza erakunde hauek parte hartuko dute: Abanca, Bankia, Bankinter, BBVA, Caixabank, Caja Rural de Navarra, FIARE, Laboral Kutxa, Sabadell, Bankoa, Kutxabank, Arquia eta Banco Santander.

Finantzaketa lerro horrek aipatutako enpresen eta autonomoen egiturazko gastu finkoei eman nahi die estaldura, “enpresa sarean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan duten eragina eta handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-erakundeen maileguen lerro tradizionaletara iristeko ahalmen erlatibo txikiagoa dutela kontuan hartuta”.

Hauek dira laguntzak jasotzeko baldintzak:

Onuradunak

a) Baldintza hauek betetzen dituzten EAEko ETEak:

250 langile baino gutxiago izatea.

Urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo batzuek, zuzenean edo zeharka, ETE horren % 25eko edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

b) Euskadiko norbanako enpresariak (mirkoETEak) eta autonomoak:

Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian alta emanda egotea.

PFEZari lotetsitako jarduera ekonomikoetatik edo profesionaletatik etekinak lortzea.

Maileguen zenbatekoak:

5.000€-1.000.000€ ETE-entzat.

6.000€-100.000€ mikroETE-entzat eta profesional autonomoentzat.

Finantza-eragiketak:

Tresna: mailegu amortizagarria.

Interes-tasak: % 0, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen baititu.

Mailegu eragiketen epea: 5 urte (urtebeteko gabezia, nahi izanez gero)

Euribor aplikagarriarekiko diferentziala: % 0,50

Likidazioaren aldizkakotasuna: hiru hilabetez behin.

Komisioak: 0 €. Mailegu hartzaileak mailegua aurretik kitatu edo amortizatu ahal izango du, inolako kosturik gabe.

Abalen kostua eta baldintzak:

Gauzatze-komisioa eta azterketa-komisioa: gauzatutako abalaren % 0,25, behin bakarrik ordaindu beharrekoa.

Abalaren komisioa: % 0,75 urtean. Komisio horrek Eusko Jaurlaritzaren % 50eko diru-laguntza izango du.

Elkargik ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Gaixotasunak argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Dirulaguntzak Euskadin