Ekonomia -
Fiskalitate plana
EAEko enpresariek 'etsigarritzat' jo dute lehendakariaren proposamena
Euskadiko Enpresarien Bilgunearen aburuz, "badirudi Patxi Lopezek ez duela EAEko presio fiskalaren errealitatea ezagutzen".
Erredakzioa
Euskadiko Enpresarien Bilguneak gogor kritikatu du Patxi Lopez lehendakariak fiskalitateari buruz egin duen hausnarketa. Gainera, euskal enpresariak ekonomia suspertzeko dagokien erantzukizuna bere gain hartzeko prest daudela nabarmendu dute, "baina susperraldia ez da presio fiskalaren bidez edo zaharkitutako zergak ezarrita etorriko", ohartarazi dute.
Patxi Lopezek Vocento Taldean atzo argitaratu zuen artikulu baten bidez azaldu du EAEko fiskalitatearen inguruko plana, joan den uztailean hiru ahaldun nagusiei ezagutarazi ziena.
Euskal enpresarien iritzian, "badirudi lehendakariak EAEko presio fiskalaren errealitatea eta zergapeko gehienen betebehar fiskalak ezagutzen ez dituela".
Horrez gain, "ezin daiteke ezkutatu langabeak, aurreztaileak eta enpresari txikiak direla krisiak gehien kolpatu dituenak, eta krisi hori gainditzeko, gastua doitzea, administrazioa berritzea, inbertsioak bultzatzea eta enplegua sortzea ezinbestekoa da".
Egungo testuinguru ekonomikoa aintzat hartuta, Euskadiko Enpresarien Bilgunea "prest dago susperraldi ekonomikoa lortzeko berari dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko", azpimarratu dute.
Alabaina, "presio fiskala areagotuta, zaharkitutako zergak ezarrita edo zerga-ordainketari buruzko akats kontzeptualak eginda ezinezkoa izango da susperraldia ematea", ohartarazi dute.
Lehendakariaren proposamena
Patxi Lopez lehendakaria atzo prentsan argitaratutako artikulu baten bidez azaldu zuenez, berak proposatzen duen erreformaren helburua ez da zergak igotzea, bere egitasmoaren xedea "herritar guztiek" ordaintzea da, "inork bere erantzukizunari ihes egin ez diezaion".
Lehendakariak uste du bere proposamena gaizki ulertu dela eta bidezkoak ez diren kritika batzuk jaso dituela. "Nire asmoa ez da mundu guztiari zergak igotzea, ezta euskal enpresak itotzea", berretsi du.
"Bi gauza lortu nahi ditut: batetik, fiskalitate-sistema justuagoa izatea, hau da, guztiek ordaintzea, baina euren irabazien arabera; eta bestetik, guztiek ordaintzea, komunitatearekin duen erantzukizunari inork iskin egin ez diezaion".