Ekonomia -
Krisia munduan
Obama: 'Espainiko arazoak AEBetara iristen dira'
Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Barack Obamak telefonoz hitz egin dute bart. Ekonomiari egonkortasuna eman eta atzeraldia sahiesteko elkarlana bultzatzea adostu dute.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Barack Obamak telefonoz hitz egin dute bart. Ekonomiari egonkortasuna eman eta atzeraldia sahiesteko elkarlana bultzatzea adostu dute.
Barack Obama AEBetako presidenteak azpimarratu duenez, azken hilabeteetan Europa hegoaldean, eta batik bat Espainian izan diren arazoak mundu mailakoak direla, eta erantsi du AEBak ere merkatu horretako zati bat direla.
"Guztia bata bestearekin lotuta dagoen mundu mailako ekonomia batean bizi gara, eta ondorioz, Europan arazoak ditugunean, eta Espainian, Italian eta Grezian, arazo horiek gure kostaraino heltzen dira azkenean", adierazi du Obamak Washingtonen, Demokraten Batzordean.
AEBetako presidenteak Espainia aipatu du Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin telefono bidezko elkarrizketa izan eta ordu batzu beranduago, hala adierazi du Moncloako Jauregiak.
Wall Street hondoratu eta gero egin ditu adierazpen hauek Obamak. Standard &' || ' Poor''s agentziak AEBetako zorraren kalifikazioa jaitsi izanak merkatuak astindu ditu, eta atzeraldi berri baten beldurrak Europako burtsak kutsatu ditu.
"Baloreen merkatuetan oso egun zailak izan ditugu, baina gure helburuak burtsetatik haratago doaz", erantsi du Obamak, eta lurraldeko sektore pribatuak izandako hazkuntza ekarri du gogora.
Elkarrizketa telefonoz
Barack Obama AEBetako presidenteak telefonoz hitzegin du bart Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Obamak, Silvio Berlusconirekin ere hitz egin du.
AEBetako presidenteak, besteak beste, "Espainiak eta Italiak aurrera egin eta egoera hobetzeko asmoz hartutako neurriak txalotu ditu", hala adierazi dute Etxe Zuritik.
Ekonomiari egonkortasuna eman eta atzeraldia sahiesteko elkarlana bultzatzea adostu dute Obamak eta Zapaterok. Finantza merkatuen bilakaerari dagokionez, bi agintariek Euro taldeko 21 kideek hartutako erabakiak indarrean jartzeko beharra azpimarratu dute eta euroaren proiektua indartzea.