Ekonomia -

Koronabirusa

Autonomoentzako laguntzak handitzea aztertuko du Lanbidek, 10.000 eskaera jaso ostean

Gainera, aldaketak egingo dituzte Internet bidez egindako deialdietan izena emateko orduan. Izan ere, goizaldean Lanbideren webgunea kolapsatu da, laguntzak eskatzeko epea ireki eta gutxira.

Autonomo bat, lanean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Autonomo bat, lanean.
Jaurlaritzak autonomoentzako partida handitzea aztertuko du, 10.000 eskaera jaso ostean

1:06

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autonomoei eta enpresa txiki zein ertainei zuzendutako laguntzak handitzea aztertuko duela iragarri du Lanbidek ostegun honetan, gauerditik 10.000 eskaera baino gehiago jaso ostean. Izan ere, webgunea kolapsatzea eragin du horrek, eta 04:00ak arte ez da martxan egon. Hori dela eta, Internet bidez egindako deialdietan izena emateko orduan ere aldaketak egingo dituztela aurreratu du.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak ohar batean adierazi duenez, erakundeak kontuan hartu du kolapso hori. Hala, erabilitako sistema ez dela "egokiena" izan onartu du, eta, beraz, ez dela berriro formatu bera erabiliko ziurtatu du. "Herritarrei barkamena" eskatu ostean, "formularioak eta eskakizunak errazago bete ahal izateko diseinu berria prestatzeko gai" izan behar direla esan du Belandiak.

Azaldu duenez, gaur egun bi modu daude laguntza horiek eskatzeko; alde batitik, izapidetze elektronikoaren bidez eta, bestetik, Lanbideren webgunean dagoen formulario baten bidez. Lehen aukera, aztertzen ari diren arrazoiak direla eta, "04:00ak arte ez da martxan egon". Bide horretatik, 08:00ak arte 1.836 eskaera iritsi dira.

Autonomoek egindako eskaerak jaso ondoren, horiek guztiak aztertu beharko ditu orain Lanbidek , baldintzak betetzen diren ala ez ikusteko eta laguntzak esleitzeko. Belandiak gaineratu du erakundeak badakiela autonomoen kolektiboak zailtasunak dituela eta horregatik jarri zela martxan neurri hori. "Bi modutan egin genezakeen, bata, partida eskaera guztien artean banatuz, eta horrek ez luke inoren arazoa konponduko, edo bi, autonomo batzuei 3.000 eurorekin laguntzeko erabili dugun irizpidea", zehaztu du.

Belandiak azaldu duenez, "pentsatzekoa da aurreikusitako 3 milioi euroko partida azkar banatuko dela", eta, beraz, aurreratu duenez, hemendik aurrera,"beste sail batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak zein diren aztertu behar dugu, partida hori handitzea eta pertsona gehiagorengana iristea posible ote den jakiteko. Zenbat eskaera iristen diren ikusi behar dugu, eta gure ondorioak atera", nabarmendu du.

"Nolanahi ere, partida luzatuko balitz, ez litzateke beharrezkoa izango deialdi berria egitea", gaineratu du. Martxan jarriko den hurrengo deialdia kulturari lotutako pertsonei zuzendura dago, asteazkenean iragarri zuten moduan, eta litekeena da hilabete amaieran eskuragarri egotea. Belandiak azpimarratu duenez, horretarako "beste sistema bat bilatuko dugu, herritarren artean ondoeza sortuko ez duena".

Lau orduz kolapsatuta

Zehazki, gauerdian zabaldu da diru laguntza horiek eskatzeko epea, eta autonomo askok pantailen aurrean igaro dute gaua, Lanbideren webgunera sartu nahian. Horrek, ordea, webgunearen berehalako kolapsoa eragin du goizaldean. Dena dela, 04:00ak aldera erabiltzaile askok euren eskaerak egitea lortu dute, eta ordu honetan badirudi webgunea normaltasunez dabilela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Borja Belandia Lanbideko zuzendariak barkamena eskatu die herritarrei, euskal enplegu zerbitzuaren webgunea kolapsatu dela onartu ostean. Laguntzak euren negozioa itxi behar izan duten autonomoei zuzenduta daude, eta gehienez 3.000 eurokoak izango dira. Industria arloko enpresa txiki eta ertainek 09:00etatik aurrera eskatu ahal dute laguntza hori.

Milaka eskatzaile epe hori noiz irekiko zain egon dira, eskaera guztiak Internet bidez egin behar baitira, eta horiek erregistratzen diren heinean aztertuko dira. Lanbidek eskaera bakoitza aztertuko du orain, eta, eskatutako baldintzak betetzen baditu, eskatzaile bakoitzaren egoera azteruko da, laguntzak banatzeko.

Eskaera horiek "premiazkoak diren egoerei" erantzuten badiete, programa horretarako hasieran aurreikusitako 3 milioi euroko partida handitzeko aukera azter dezake Eusko Jaurlaritzak, "herritarrek eskaera masiboa egin dutelako".

Lanbidek "akatsetatik" ikasiko duela esan du Belandiak, eta kultur arloko langileei zuzendutako laguntzak eskatzeko orduan "beste sistema sinpleago bat" ezarriko dutela aurreratu du.

Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak

Zehazki, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako alarma-egoeraren ostean, diru-sarrerarik gabe geratu diren autonomoek eta krisian sartu diren enpresa txiki eta ertainek Eusko Jaurlaritzak beren jarduerari eusteko onartutako laguntzak eska ditzakete jada.

Enpresa txiki eta ertainen kasuan, EAEko Aldizkari Ofizialean agertzen dira Bideratu egitasmoak berregituraketarako eta berpizteko jarri dituen baldintzak. 20 milioi euroko diru-saila izango du egitasmoak, eta eskaerak iritsi diren hurrenkeran aztertuko dituzte.

Epe ertain edo luzerako bideragarritasuna berreskuratzea helburu duten berregituraketa edo bideragarritasun planak aurkezten dituzten enpresek eskuratu ahal izango dute 800.000 euro arteko laguntza.

Enpresa horiek 20 langile izango dituzte gutxienez eta 250 gehienez, eta negozio bolumenak ezingo ditu 50 milioi euroak gainditu, edo 43 milioi euroak balantzearen kasuan.

Bideraturen deialdi hau bereizi egiten da ohiko deialditik, koronabirusaren pandemiaren eraginez krisian daudenek soilik eska dezaketelako. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jarriko du kapitala, enpresaren ekarpenik gabe.

Lanbidek autonomoei emango dizkien laguntzak, berriz, alarma egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan dutenei daude zuzenduta. Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak, Jaurlaritzak aurreikusi duen 3 milioi euroko mugara iritsi arte.

Enpresen kasuan bezalaxe, diru-saila ezin da handitu; beraz, eskaerak egiten dituztenen hurrenkeran aztertuko dituzte.

Enpresari eta profesionalek jaso ahal izango dute diru-laguntza, ondasun komunitateko kideekin eta elkarte zibilekin batera, etxebizitza soziala eta fiskala eta enpresaren jarduera EAEn badute. Era berean, baldintza jakin batzuk betetzen dituen lokal bat izan beharko dute, edo bere jarduera bertan behera geratu den horretara mugatzea.

Bestalde, SPRI Taldeak webgune berezi bat jarri du abian, euskal enpresara bideratutako ekintza guztiak biltzen dituena, bai eta Eusko Jaurlaritzako sailetatik sustatzen eta kudeatzen diren laguntza berrietarako sarbidea ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Laguntza publikoak