Ekonomia -

Koronabirusa

Iritsi dira Etxebarrira maskarak ekoizteko erabiliko diren hiru makinak

Mondragon Assembly kooperatibak ekoitzi ditu makinak, eta Bexen Medical arduratuko da maskarak (hilean 10 milioi unitate inguru) ekoizteaz.

Maskara, eskularruak eta desinfektatzailea. Argazkia: Pixabay
Maskara, eskularruak eta desinfektatzailea.
Hilean 10 milioi maskarilla egiteko makinak iritsi dira Euskadira

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Ministerioarentzat maskarak ekoizteko erabiliko diren hiru makinak gaur, astelehena, iritsi dira Bizkaira, Mondragon kooperatibako kide den Mondragon Assembly enpresak Txinan ekoitzi ondoren. Korporazioko beste enpresa bat, Bexen Medical, arduratuko da produktu hori ekoizteaz, eta hilean 10 milioi unitate baino gehiago egitea da helburua.

Bexen Medicalek Etxebarrian (Bizkaia) dituen instalazioetan deskargatu dituzte makinak, goizeko lehen orduan, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkaria eta Carlos Arsuaga Bexen Medical konpainiako zuzendaria bertan zirela.

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eskatutako lau makinak ostiralean iritsi ziren Kunshandik (Txina) Torrejon de Ardozko base militarrera. Mondragon Taldeak azaldu duenez, lau makinetatik hiru Cikautxo kooperatibak Etxebarrian dituen instalazioetara eraman dituzte, behar bezala egokitutako areto batera, eta Bexen Medical enpresa arduratuko da maskarak ekoizteaz, ospitaleetarako osasun arloko babes materialaren ekoizpenean esperientzia handia duen kooperatiba baita.

Ildo horretatik, proiektu honetan martxoaren 16an hasi zirela lanean gogora ekarri du Mondragon Taldeak; izan ere, egun horretan hasi ziren maskarak ekoizteko erabiliko dituzten lau makinak egiten, Txinan. Hala, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren eta Mondragon Taldearen arteko lankidetza publiko-pribatuko lan horrek hilean 10 milioi unitate baino gehiago fabrikatzea ahalbidetuko du. Halaber, Mondragon Assembly, Bexen Medical eta Cikautxo kooperatiben arteko elkarlana nabarmendu du Mondragon Taldeak (azken enpresa horrek bere instalazioak utziko dizkio Bexen Medicali, lehen fase honetan maskarak ekoizteko).

Datozen sei hilabeteetan, 60 milioi maskara kirurgiko ekoiztea da asmoa, Espainiako merkatua kanpoko hornitzaileekiko mendekotasunik gabe hornitzeko asmoz, "hornidura bermatuz eta inportazioarena baino kostu finko txikiagoan".

Maskarak ospitaleetara, zentro sozio-sanitarioetara, enpresetara eta, oro har, herritarrengana bideratuko dituzte, koronabirusa hedatzea saihesteko. Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak apirilaren amaieran fabrikatuko dira, Burgosko farmazia militarreko langileekin batera, helburua lortzeko; izan ere, laugarren makina Defentsa Ministerioaren farmazia militarrean jarriko dute, Burgosen, eta zentro horretako langileak arduratuko dira ekoizpenaz. Mondragon Assemblyko teknikari talde bat arduratuko da muntaketa eta doikuntza egiteaz bi kokapenetan aldi berean, lehenbailehen hasteko maskarak ekoizten.

EAEk ekainean maskara-ekoizpena bikoiztea lortuko du

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren esanetan, "ekainerako maskara ekoizpena bikoizteko aukera izango dugu, eta EAEn ekoitziko dira, EAErentzat. Ekoitziko diren maskaretatik, 10 miloi espainiar estatura bideratuko dira, eta beste 10 milioiak EAEko beharrei erantzuteko izango dira".

"Funtsezkoa da sistema soziosanitariotik maskara espezifikoagoak eskura izatea. Eta horri ere ekin diogu. EAEtik ekoizpena handitzen ari gara, bai arlo soziosanitarioari erantzuteko, bai produktiboari eta, oro har, biztanleriari", esan du sailburuak.  

"Une honetan Tknika ari da maskarak homologatzen; EAEn pentsatu, diseinatu eta ekoiztutako maskarak dira. Gure osasunaz eta biztanleriaz arduratzen ari den ekipo guztiak ditu beharrezkoak diren baliabideak, etorkizunean maskarak hornitzeko. Hori eskertzekoa da", gaineratu du Tapiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Bizkaia Gipuzkoa Hernani Txina Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Mondragon korporazioa Gaixotasunak Arrasate Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Aretxabaleta Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Asia Koronabirusa Maskarak koronabirusa