Ekonomia -

Lan Erregulazioa

Lan Sailak ukatu egin dio erregulazioa GAM-Aldaiturriaga enpresari

Kaltedun langileak abuztuaren 16an itzuliko dira lanera, baina, enpresak ez badie zor diena ordaintzen, mobilizazioak eta greba egingo dituzte berriro.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 59 langileri eragiten zion erregulazioa ukatu dio GAM-Aldaiturriaga enpresa bizkaitarrari. Kaltedunak abuztuaren 16an itzuliko dira lanera, Txomin Carracedo enpresa-batzordeko buruak adierazi duenez.

11:00etan egingo dute bilera langileek, eta orduan azalduko die Carracedok asteartean bertan lanera itzultzeko proposamena. Egun horretan, gainera, bilera egin nahi dute Aldaiturriaga enpresaren zuzendaritzarekin, "negoziatzen hasteko gogoa” dutela erakusteko.

Dena dela, Carracedok esan duenez, enpresak atzerakinak ordaintzen ez baditu, mobilizazioak eta greba egingo dituzte berriro. Enpresa-batzordearen ustez, langileek "irtenbideak eman dituzte, ordu estrak murriztuz, horiengatik gutxiago kobratuz, lanerako arropa mugatuz, eta bi urtez soldatak bere horretan utziz". Horrez gain, aparteko orduak, dirutan barik, denbora librean jasotzea planteatu dute langileek. Komiteak dioenez, Aldaiturriagak atzera bota ditu proposamen horiek, enpresaren helburua "gu denok kanporatzea eta konpainia EAEtik ateratzea baita". "Gestioa txarra izan bada, hori da aldatu behar dutena", esan du Carracedok.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurka, gorako helegitea jarri ahal dute orain Lan Zuzendaritzan. Jakinarazpen ofiziala bidaltzen dietenetik, hilabeteko epea izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea