Ekonomia -

Maiatzaren 1a

Euskal gehiengo sindikalak indarra leihoetan erakustera deitu ditu langileak

Irudi komuna partekatuko dute "salbuespen egoera honetan mezu bateratua emateko": "M" hizki handia eta "1" zenbakia fondo beltz baten gainean eta ostadar batek zeharkatuta.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, manifestazio batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, manifestazio batean
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, manifestazio batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, eta Etxalde sindikatuek langileei euren indarra erakusteko deia egin diete datorren maiatzaren 1ean euren balkoietan eta leihoetan egun horretarako sortutako irudia jarriz.

Koronabirusaren krisiak behartutako konfinamenduan, aipatutako sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak irudi komuna partekatu du "salbuespen egoera honetan mezu bateratua emateko", adierazi dute ohar batean.

Irudian, "M" hizki handia eta "1" zenbakia fondo beltz baten gainean agertzen dira, ostadar batek zeharkatuta.

Langileei irudia leihoetan eta balkoietan jartzeko deia egin diete, inprimatuta edo eskuz eginda, “langileon eta gure aldarrikapenaren indarra erakusteko”.

Maiatzaren 1a "koloretsua"

"Maiatzaren 1a modu koloretsuan ospatu nahi dugu. Kapitalak irudikatzen duen etorkizun beltzaren aurrean, bizitza erdi-erdian jartzen duen etorkizuna irudikatu nahi dugu, dinamikoa eta kolorez betetakoa", azaldu dute.

Euskal gehiengo sindikalak irudi komuna partekatu duen arren, sindikatu bakoitzak bere ekimenak antolatu ditu maiatzaren 1erako eta aurreko egunetarako, aurreko urteetan bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak LAB albisteak Lana Maiatzak 1 Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak