Ekonomia -

Errentaren aitorpena

Errentaren kanpaina gaur hasiko da Bizkaian, itzulketen erdia gauzatuta jada

Bizkaian, 580.000 PFEZ aitorpen aurkeztuko dira, eta, errentaren kanpainaren lehen egunetan, 230.000 zergadunek jasoko dituzte itzulketak: guztira, 215 milioi euro.

Hainbat pertsona errenta aitorpena egiten. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia (artxibokoa)
Hainbat pertsona errenta aitorpena egiten.
Hainbat pertsona errenta aitorpena egiten. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia (artxibokoa)

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errentaren kanpaina gaur, astelehena, hasiko da Bizkaian, hamar aitorpenetik lau dagoeneko eginda eta itzulketen erdiak gauzatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Bizkaian, 580.000 PFEZ aitorpen aurkeztuko dira, eta, errentaren kanpainaren lehen egunetan, 230.000 zergadunek jasoko dituzte itzulketak: guztira, 215 milioi euro.

Foru Ogasunak kanpaina osoan itzuli asmo dituen 432 milioien erdia da kopuru hori.

Gainerako zergekin bezala, PFEZari dagokionez ere, itzulketak egiteko prozesua bizkortzen ari da Foru Ogasuna, horrela sustatzen baitu zergadunen likidezia COVID-19aren osasun-larrialditik sortutako krisi ekonomikoa dugun honetan.

Itzulketak lasterragotzeko ahalegin hori langile autonomoei zuzendu zaie bereziki; horregatik, kanpaina honetan, Errenta Etxean proposamenen hartzaile-taldean sartu dira, PFEZa lehenago itzul dakien, hain zuzen ere.

Hala, aurreneko itzulketen artean, 26.000 langile autonomoenak eta haien ezkonlagunenak daude: 28 milioi euro itzuliko zaizkie horiei, maiatzaren lehen egunetan.

Kanpaina hastearekin batera, errenta-aitorpena Internet bidez aurkezteko epea irekiko da. Horretarako, webgune horretako laguntza-programa eta datu fiskalen deskarga erabili behar dira.

Aukera hori 161.000 aitorpen baino gehiago egiteko erabili zen iazko kanpainan, guztien herenak, eta beste 117.000, berriz, errenta egiteko doako zerbitzuaren bitartez aurkeztu ziren bankuetan. 

Aurtengo kanpainan, geroratu egin da aurrez aurreko zerbitzua, osasun-larrialdiak berriz martxan jartzen utzi arte; larrialdia amaitzean amaituko da kanpaina ere.

Laguntza indartzeko eta aurrez aurreko arreta ematen den bulegoen itxiera arintzeko hartu dituen neurrien artean, Foru Ogasunak pertsona gehiago jarri ditu errentarekin laguntzeko telefonoari erantzuten (94 608 3000).

Apirilean, errenta-kanpainarekin zerikusia duten 94.664 deitik gora hartu dira telefono horretan, iazko aldi berean baino % 50 gehiago.

Errenta-kanpaina honetako berritasunetatik bat Bak gakoa aktibatzeko zerbitzua da. NAN zenbakiak eta pasahitz batek osatzen duten gako pertsonal eta besterenezin bati esker, segurtasunez egin daiteke edozein izapide Foru Ogasunaren bulego birtualean, bai eta beste online izapide batzuk ere Aldundiarekin.

Apirilaren 6tik, 22.000 pertsonak baino gehiagok aktibatu dute Bak gakoa errentaren webgunean, horretarako errenta-gakoa edo Errenta Etxean proposamenei atxikitako kode bat erabiliz.

Errentaren kanpainan, Foru Ogasunak aurreikusten du 580.409 aitorpen izapidetzea; haietatik 397.669 (% 68) itzultzekoak izango dira, eta 431.675.300 euro itzuliko dira guztira. Hau da, batez beste 1.085 euro itzuliko dira.

Ogasuna maiatzeko lehenengo astean hasiko da zergadunaren aldeko emaitza duten aitorpenei dagokiena itzultzen. Ordaintzekoak diren aitorpenen zenbatekoa, berriz, kanpainaren azken egunean kobratuko da.

Gaurtik aurrera, ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko kanpaina egingo da ere, eta Foru Ogasunak ez du espero alde handirik izatea iazko kanpainarekin alderatuta. Guztira, 7.500 aitorpen lirateke, eta emaitza, berriz, 74 milioi euro. Ondarearen gaineko zergaren aitorpena Internet bidez aurkeztu behar da, nahitaez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Errenta aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Ekonomia Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Alarma egoera Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak