Ekonomia -

KORONABIRUSA

Bizkaiak % 60ko kenkaria onartu du sozietateen gaineko zergan

Kenkari hori COVID-19aren ondorioak jasan dituzten enpresek jaso ahal izango dute, eta enplegua sortzeko edo galerak konpentsatzeko erabili beharko dute.

Bizkaia Aurrera planaren neurrietako bat da. Argazkia: EFE
Jarduerarik gabeko hotel itxi bat Bizkaiko hiriburuan
Bizkaia Aurrera planaren neurrietako bat da. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 4/2020 Foru Dekretu Arauemailea onetsi du astearte honetan; haren bidez, sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboaren % 60ko ezohiko kenkari bat ezartzen da, 2019ko ekitaldirako.

Bizkaia Aurrera planeko neurrietako bat da. Haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriek ukitu dituzten sektoreen eta zergadunen ekonomia eta jarduera suspertu nahi da.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, "jarduera geldiarazita edo murriztuta daukaten enpresa ukituek bitarteko ekonomikoak mugiarazteko beharrizan handiena duten unean izango du efekturik handiena kenkari horrek".

Foru-dekretu arauemaileak kenkaria aplikatzeko irizpideak zehazten ditu. Sozietateen gaineko zergaren zergadun guztiei aplikatuko zaie kenkaria, ondare-sozietateei eta talde fiskalei izan ezik. Baldintzen artean, emaitzak gutxitzea edo jarduera murriztea ezartzen dira, biak osasun-larrialdiaren ondorio.

Orobat, kenkariaren zenbatekoa enplegua sortzeko, ekoizpen aktiboetan, ikerketa eta garapenean edo ekintzailetzan inbertitzeko edo 2020ko galerak konpentsatzeko erabili behar dela xedatzen du dekretuak.

Ezohiko kenkaria aplikatzeko betekizunak

Honako hauek izango dira 2019ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren % 60ko ezohiko kenkariaren onuradunak:

2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin duten zergadunak, ondare-sozietatearen izaera ez dutenak. Zerga-baterakuntzaren erregimenean tributatzen ez dutenak. COVID-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta daukatenak; jarduna nabarmen murriztu dela jotzeko, bi irizpide hauek bete behar dira:   

- 2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena, gutxienez, % 25 baino gutxiago izatea, 2019. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumenarekin alderatuta.

- 2019ko ekitaldian zehar kontabilitate-emaitza positiboa izatea, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate-emaitza, gutxienez, % 50 baino gutxiago izatea, 2019. urteko lehen seihilekoko kontabilitate-emaitzarekin alderatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure ohiko osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Politika Errenta aitorpena Eguneko albisteak Bizkaia Gaixotasunak Ekonomia Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Zerga politika gaur