Ekonomia -

Koronabirusa

BBK-k 660.000 euro banatu ditu Bizkaiko 1.500 saltokiren artean

20.000 bonu saldu dira izena eman duten saltokien artean, eta gaurtik 2020ko abenduaren 31ra arte trukatu ahalko dira.

20.000 bonu saldu dira izena eman duten saltokien artean. Argazkia: EFE.
Denda itxi baten irudia
20.000 bonu saldu dira izena eman duten saltokien artean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBK-k Bizkaiko merkataritzari laguntzeko abiaturiko 'Kreo en ti' kanpaina "arrakastatsua" izan da, lurraldeko 1.550 saltokitan 660.000 euro banatzea lortu baitu, salgai jarritako 20.000 zuzeneko bonuak salduta, ondoren produktu edo zerbitzuengatik trukatzeko.

Bilboko Merkataritza Ganberarekin eta Cecobi, Bizkaidendak, BilbaoDendak eta BilbaoCentro elkarteekin lankidetzan, BBK-k 30 eta 15 euroko bonu sorta jarri zuen zirkulazioan, eta 10 eta 5 eurokoak gehitu zizkien, hurrenez hurren, erakundeak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.

BBKren arabera, COVID-19aren izurriteak eragindako osasun-egoeraren ondorioz, negozioak aldi baterako itxi behar izatea "kolpe gogorra" izan da Bizkaiko txikizkako merkataritzarentzat. Sektoreak 45.000 langile baino gehiago ditu Bizkaian, 13.000tik gora establezimendutan. "Eta behargin, alokairu eta abarri buruzko hileroko ordainketei aurre egiteko likideziarik eza da oztopo nagusia orain", esan dute BBKtik.

Egoera ikusita, finantza-erakundeak 'Kreo en ti' ekimena aurkeztu zuen apirilaren erdialdean. Herritarrak kontzientziatzea zen helburuetako bat, "gu guztion eta bakoitzaren laguntzarekin bakarrik suspertu edo berreskuratuko delako auzoei, herriei eta hiriei bizia ematen dieten establezimenduen jarduera ekonomikoa".

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariaren hitzetan, "gure bertoko enpresei, batez ere Bizkaian enplegua eta aberastasuna sortzen duen txikizkako edo xehekako merkataritzari, laguntzeko konpromisotik sortu zen ideia, osasun-alarmak ezarritako itxialdiaren ostean ahulezia edo zaurgarritasun handieneko une bat bizi baitu".

Bonuak trukatu

Horrela, eskuratutako bonuak asteazken honetatik, maiatzaren 13tik, abenduaren 31ra arte trukatu ahalko dira hautatutako merkataritza-establezimenduetan. Saltokiek dagoeneko jaso dute erosketa aurreratuen dirua, batez beste 430 euro establezimendu bakoitzeko.

Kanpainari atxikitako saltokiak Bizkaiko txoko guztietakoak izan dira, besteak beste, Bilboko 672, Barakaldoko 203, Getxoko 109, Gernika-Lumoko 86, Bermeoko 58, Durangoko 36 eta Balmasedako 19 batu baitira bertara.

Establezimendu motari dagokionez, estetika, osasun eta ile apaindegiak izan dira establezimendu horien guztien % 14 (92.721 euro), ehun modakoak % 11 (71.512 euro), jatetxeak % 10 (68.729 euro), larrugintza modakoak % 7 (48.912 euro), tabernak % 6 (42.417 euro), haur modakoak % 5 (35.988 euro), liburu-dendak eta paper-dendak % 4 (29.493 euro), poltsa eta osagarrienak % 4 (27.240 euro), kafetegiak % 3 (22.600 euro), lentzeria eta mertzeriak % 3 (18.889 euro) eta beste sektore batzuetako eta kirolekoak % 3 (18.889 euro).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bilbo Getxo Bizkaia Barakaldo EAE Gernika-Lumo Ekonomia Eguneko albisteak Durango Balmaseda Albisteak Enpresaburuak Merkataritza Dirulaguntzak