Ekonomia -

Diputatuen Kongresua

Zapaterok konstituzioa erreformatzea proposatu du defizita mugatzeko

Mariano Rajoy PPren buruak onartu egin du proposamena. EBko beste estatu batzuetan ere planteatzen ari diren neurria da. Bestalde, langabeei zuzendutako 400 euroko laguntza sei hilabete luzatuko dute.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea, Kongresuan. Argazkia: Efe
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea, Kongresuan.
Zapaterok Konstituzioa aldatzeko eskaera egin du, defizita mugatzeko

01:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak legegintzaldia amaitu aurretik Konstituzioa erreformatzeko lege dekretu bat onartzea eskatu die PSOEri eta PPri, defizita mugatzea helburu.

Zapaterok Kongresuan egin duen agerraldian eman du proposamenaren berri, zor publikoa murrizteko neurrien lege-dekretua babesteko eztabaidan. Kongresuak onartu egin du erreforma hori; 169 boto alde jaso ditu, PSOErenak denak, 7 boto kontrakoak izan dira, eta 165 (PP, CiU eta EAJ) abstenitu egin dira. 9 legebiltzarkide ez dira bertan izan bozketaren unean.

Konstituzioaren erreforma aurrera eramateko Parlamentuaren hiru bostenaren babesa behar da; PSOE eta PP ados jarri beharko dira, beraz, alderdi biek, elkarrekin, 321eserleku baitituzte Kongresuan (169 sozialistak eta 152 PPkoak). Senatuan, berriz, portzentaia hori altuagoa da: PP eta PSOEren aulkiak batuta, 226 dituzte (264 dira guztira).

Epe ertain eta luzean aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko araua ezartzea da asmoa, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan proposatu dutenaren antzera.

Horretarako, Zapaterok esa du dagoeneko hitz egin duela Mariano Rajoy PPren buruarekin eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiarekin. Rajoyk proposamena onartzen duela iragarri du Kongresuan.

Zapaterok esan du, Konstituzioaren erreforma den heinean, onena adostasun zabala lortzea izango dela hasiera hasieratik. Horretarako, PSOEk eta PPk Konstituzioa erreformatzeko lege proposamena hitzartzea izango omen da lehenengo pausoa.

EBko ekonomia eta moneta batasuna indartzeko konpromisoa ekarriko omen du neurri horrek.

Rajoy, erreformaren alde

Mariano Rajoy PPren buruzagiak onartu egin du Gobernuko presidentearen proposamena. Rajoyk esan du bere alderdia ados dagoela proposamenarekin, aurretik Kongresuan beste batzuetan ere esan baitu.

Horren harira, 2011ko martxoaren 30ean Kongresuan bertan antzeko proposamen bat egin zuela gogorarazi du.

EAJ eta CiU

Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramailea aurrekontuen orekaren alde agertu da "oinarri gisa", baina Konstituzioan "kopuru bat ixtearen kontra".

Josep Antoni Duran i Lleida CiUkoak, berriz, esan du Europan aspaldi hasi zirela horrelako neurrietaz eztabaidatzen eta "beharrezko joera bat" dela esan du.

400 euro langabeentzat

Era berean, Zapaterok iragarri du datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan sei hilabete luzatuko dutela langabeei zuzendutako 400 euroko laguntza.

Defizitaren kontrako neurriak

Bestalde, Mariano Rajoyk iragarri du bere alderdiak datozen hauteskundeak irabazten baditu 12 hilabetez luzatuko duela etxebizitza erosteko BEZ zerga % 4ra murrizteko Gobernuak proposatu duen neurria.

PPren buruak aurreratu du bere alderdia abstenitu egingo dela Gobernuak onartu duen lege dekretuaren bozketan, defizita murrizteko hartu dituzten neurrien bozketan.

Erkoreka jeltzaleak ere esan du bere alderdiak abstentzioa emango duela, izan ere, neurriak ez direla eraginkorrak eta ez dutela ekonomia suspertuko iritzi diote.

Dena dela, ez omen diete "oztoporik" jarri nahi gastu farmazeutikoaren optimizazioari eta BEZaren murrizketak ekarriko duen etxebizitzaren salmenten bultzadari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea