Itxi

Ekonomia

Lan merkatua

PPren Gobernuak 2012an onartutako lan-erreformak ekarri zituen aldaketak

Agentzia | Erredakzioa

Rajoyren Exekutiboak aldebakarreko erreforma aurkeztu zuen, besteak beste, kaleratze merkeenak erraztu eta langileak bidegabe kaleratzea merkatzeko.

  • Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE

    Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE

PSOEk, Podemosek eta EH Bilduk PPren lan-erreforma (2012koa) indargabetzeko akordioa sinatu berri dute. Itunak CEOE Espainiako enpresaburuen elkarteko haserrea piztu du eta kritikak jaso. Enpresaburuek elkarrizketa sozialerako mahaia utzi dute, akordioaren inguruko azalpenak eman arte.

PPren erreforma 2011n hasi ziren prestatzen, Mariano Rajoyren Gobernu osatu berriak aste gutxi batzuen epea eman zien patronalari eta sindikatuei lan merkatua erreformatzeko proposamen bateratua aurkezteko. Espainiako Estatua krisi ekonomikoan murgilduta zegoen, eta finantza sektorearen erreskatea sei hilabete geroago eskatu zuten.

Gizarte eragileek soldaten moderazioa adostu zuten, baina ez zuten akordiorik lortu kontratazio edo kaleratzeen inguruan. Ondoren, Espainiako Gobernuak aldebakarreko erreforma aurkeztu zuen, lege-dekretu bidez onartuz, kaleratze merkeenak errazteko, beharginak bidegabe kaleratzea merkatzeko eta enpresa txiki eta ertainentzako kontratu mugagabe berri bat ezarriz. Azken horren arabera, lehen urtean kalte-ordainik gabe kaleratzeko aukera zuten enpresek.

Erreforma "oso ausarta" zela esan zuen Luis de Guindos Ekonomia ministroak Europan. Espainiako langileek, ordea, greba orokorra egin zuten, eta azkenean Estatuko Exekutiboak lege-proiektu gisa bideratu zuen Diputatuen Kongresuan. CiUk, UPNk eta Foro Asturiasek legea babestu zuten.

ALDAKETA NAGUSIAK

- Lan-erregulazioko planak aurrera eramateko, ez da beharrezkoa aldez aurretik Administrazioaren baimena izatea.

- Kontratu mugagabeen kasuan, kaleratze bidegabeen kalte-ordaina murriztu zuten, lan egindako urte bakoitzeko 45 egunetik 33ra, gehienez 24 soldatarekin (erreforma baino lehen 42 ziren).

- Kaleratze objektiboen kasuan (enpresek antolamendu, ekoizpen edo arrazoi ekonomiko zein teknikoengatik kaleratzeko eskubidea dute, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina ordainduta), arrazoi ekonomikoak daude, galerak daudenean edo aurreikusten direnean, eta bederatzi hilabetetan salmentak murrizten direnean.

- Sektore publikoko erakundeek eta entitateek kaleratzeko arrazoi objektiboak balia ditzakete, enpresa pribatuek bezala.

- Langilea lanera ez joatea kaleratzeko arrazoia da, nahiz eta justifikaturik egon, bi hilabetetan bajak lanegunen % 20 badira, betiere aurreko 12 hilabeteetan faltak lanegunen % 5 badira, edo % 25 lau hilabetetan. (Puntu hau otsailaren 18an indargabetu zuten lege-dekretu bidez).

- Enpresako hitzarmenek lehentasuna dute kolektiboen aurretik.

- Enpresaburuak hitzarmen kolektibo batean adostutakoa ez betetzeko aukera du, ordutegi, lanaldiaren banaketa, txanda, soldata edo funtzioekin lotutako kontuetan, antolamendu, ekoizpen edo arrazoi ekonomiko zein teknikoak tarteko.

- Indarrean ez dauden hitzarmenen luzapena urtebetera mugatu zuten (aurreraeragina).

- 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki eta ertainentzako kontratua sortu zuten: urtebeteko proba epea eta kalte-ordainik gabe kaleratze kasuetan. Kontratu mota langabezia-tasa % 15aren azpitik dagoenean desagertuko litzateke.

- Aldi baterako lanen enpresek kolokazio agentzia pribatu bezala aritzeko aukera dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena