Ekonomia -

KORONABIRUSA

Nafarroako 17.600 autonomok baino gehiagok kobratzen dute COVID-19aren prestazioa

Haren zenbatekoa, gutxienez, 661 eurokoa da hilean ta, gainera, "Gizarte Segurantzako kuotetatik salbuestea" dakar aldi baterako.

Langile autonomoak. Irudia: EFE
Langile autonomoak
Langile autonomoak. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako 17.600 autonomok baino gehiagok jasoko dute ostiral honetan Espainiako Gobernuaren aparteko prestazioa COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Estatuan 1,4 milioi langileri egingo die mesede, 1.200 milioi euroko ordainketarekin.

Zenbateko hori, apirilaren 17an eta 30ean ordaindutakoei gehituta, 2.500 milioi euro ingurukoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan onartu zen, alarma-egoera ezarri ondoren, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Haren zenbatekoa, gutxienez, 661 eurokoa da hilean, oinarri arautzailearen % 70, eta, gainera, "Gizarte Segurantzako kuotetatik salbuestea" dakar aldi baterako, COVID-19aren krisiaren ondorioz autonomoek diru-sarrerarik ez izatea "babesteko" eta "negozioen biziraupena laguntzeko".

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak modu "oso positiboan" baloratu du prestazio hori: "Merkataritza edo ostalaritza bezalako sektoreei laguntza ematen ari zaie, gogortasun handiagoz jasaten ari baitira COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak".

Arastik gogorarazi du Espainiako Gobernuak enpleguarekin duen konpromisoa "erabatekoa" dela, eta sektore guztientzako "segurtasun sare bat sortzeko" lanean ari direla. Horregatik, Estatuko Administrazio Orokorreko langileen "ahalegina" onartu du, prestazioak "ahalik eta azkarren" izapidetzeko.

Prestazioaren onuradun gehien dituzten sektoreak Merkataritza (351.627), Ostalaritza (261.336) eta Eraikuntza (152.646) dira, eta hiru horien artean, emandako eskaeren erdia gainditzen dute.

Prestazio hori jaso ahal izateko, dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean izena emanda egon behar da, eta baldintza da "negozioa ixteak eragina izatea" alarma-egoeraren ondorioz, edo "eskaeraren aurreko hilabeteko fakturazioan % 75eko murrizketa" jasan izana.

Diru-sarreren galera egiaztatzeko, eskatzaileak "justifikatzen duen kontabilitate-informazioa aurkeztu" beharko du, eta "jaulkitako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia" edo "gastuen eta salmenten eguneroko liburua" aurkeztu, besteak beste.

Aitzitik, kontabilitateko dokumentazio hori eramatera behartuta ez badago, "zuzenbidean onartutako edozein frogabide" balioko du, hala nola, taximetroa taxilarien kasuan.

Prestazio hori eskatzeko, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen bidez egiten dena, "ez da gutxieneko kotizazio-aldirik behar", eta bateragarria da eskatzaileak bere jarduera betetzeagatik jasotzen duen "Gizarte Segurantzaren beste edozein prestazio"rekin.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak dagoeneko itzuli du prestazioa eman zitzaien 1.028.016 autonomoen martxoko kuotaren zatia, kobratzeko agindua igaro ondoren. Itzulketaren zenbatekoa 169,06 milioi eurokoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Merkataritza Koronabirusa