Ekonomia -
Koronabirusa
LABek "egungo eredua eraldatzeko" apustua egin du, "berreraikitzearen" aurrean
Sindikatua 'Badugu aukera' kanpaina egiten hasi da, eta horretan arituko da datozen asteetan.
agentziak | erredakzioa
LAB sindikatuak azpimarratu du langileek ez dutela "berreraikuntza ekonomiko eta sozialaren beharrik", "egungo eredua eraldatzea" baizik. "Ez dugu nagusi den eredu kapitalista berreraiki nahi, egungoa errotik aldatu eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen bat eraiki baizik", defendatu du.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Edurne Larrañaga sindikatuko Gizarte Ekintzako idazkariak 'Badugu aukera’ kanpaina aurkeztu dute, datozen asteei begira.
Aranburuk adierazi du LABen "oso jakitun" direla "oso garai zailak datozela langile klasearentzat", baina "aukera garaia" ere badela uste du; izan ere, COVID-19aren pandemiak "agerian utzi du sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekologismoaren aurkakoaren iraunkortasunik eza”.
"Dogma neoliberal batzuk erori dira, eta ikusi da egungo sistema ez dela gai herritarrei bizitza duina bermatzeko", adierazi du LABen buruak, eta gaineratu du "aukera garaia" izango dela "inposatu nahi diguten gidoi ekonomiko eta soziala eztabaidatzeko gai bagara". Hala, "lantokietan kapitalari aurre egiteko borroka sindikalak aktibatzearen beharra" azpimarratu du.
Aranbururen esanetan, "alderdi sistemikoek, EAJ buru dela eta patronalarekin", "berreraikitze ekonomiko eta sozialaz hitz egiten dute, eta elkarlanerako garaiak direla diote", baina kritikatu du "joko zelaia mugatzen" dutela eta dagoeneko arbitroa erosi dutela. Haren ustez, baldintza horietan langileek "ezin dute partida irabazi".
LABek esan du "proposamenak" dituela eta, horregatik, "benetako eztabaida-markoak" eskatzen dituela horiek eztabaidatzeko, baina ohartarazi du ezingo dutela sindikatuarekin kontatu "egungo sistema berreraikitzeko", Eusko Jaurlaritzaren mahai sozioekonomikoan edo elkarrizketa sozialaren mahaian, esaterako.