Ekonomia -
Ekonomia
Nafarroan 'gastu publikoa murrizteko' neurriak iragarri dituzte
Yolanda Barcina Foru Erkidegoaren presidenteak azaldu duenez, lau goi kargu publikoetatik bat murriztearen prozesua burutuko dute eta Nafarroako Kontseilu Audiobisuala kenduko dute.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak "gastu publikoa murrizteko" eta "enplegua sortzeko" neurriak iragarri ditu, asteazken honetan. Yolanda Barcina Foru Erkidegoaren presidenteak azaldu duenez, besteak beste lau goi kargu publikoetatik bat murriztearen prozesua burutuko dute eta Nafarroako Kontseilu Audiobisuala kenduko dute.
RTVEk Nafarroan duen Kontseilu Aholkulariaren desagertzea, gastu arruntaren eta funtzionamendu gastuaren murriztea, inbertsio publikoaren sustapena, enplegua sortzeko, eta sindikatuen eta enpresarien laguntza izango duen jarduera ekonomiaren inguruko plan baten sorrera dira Yolanda Barcinak, prentsaurrekoan, jakinarazi dituen beste neurri batzuk.
Nafarroak, halaber, Administraritzaren egitura % 8 murriztuko du, eta ibilgailu ofizialen parkea txikiagotuko du; ibilgailu horien erabilera, gainera, zorrotz zainduko du. Barcinak, era berean, esan du langileentzako prestakuntza ikastaroak lanaldiaren ordutegitik kanpo egingo dituztela, eta Gobernuak egingo dituen erosketa guztietan kostuak aurreztuko dituztela.
Nafarroako ospitale guneko asistentziazko laborategiak bateratuko dituzte, halaber, Iruñeko Lezkairun eraikiko duten Zentro Mediko Teknologikoa atzeratuko dute eta Gobernuak erabiltzen ez dituen bulegoak eta eraikinak salgai jarriko dituzte.
Barcinak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak hiru ardatzetan oinarrituko du bere lana, ondorengo hilabeteetan: enplegua sortuko duten ekimen publiko berrien diseinuan eta ezarpenean, 2011rako defizita betetze zorrotzean eta Foru Erkidegoak 2012an izango dituen Aurrekontu Orokorren prestaketan.