Ekonomia -
Ogasuna
Arabak 40 milioi euroko 'zuloa' atzeman du aurrekontuetan
Ogasun diputatuak azaldu duenez, EAJk pentsatzen zuen zerga-bilketa % 5,6 handituko zela, baina azkenean % 5 egin zuen behera.
Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak, orain PPren esku dagoenak, 40 milioi euroko "zuloa" aurreikusi du aurtengo aurrekontuetan.
Jose Zurita Ogasun diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur zerga-bilketaren eta Aldundiaren finantza egoeraren inguruko datuak emateko, eta egoera "zaila" dela esan du.
Zuritak azaldu duenez, % 10,1eko "zuloa" dago Arabako Aldundiak erabilgarri duen aurrekontuan, hau da, 40 milioi gutxiago dituzte gastatzeko.
Ogasun diputatuaren arabera, EAJk pentsatzen zuen zerga-bilketa % 5,6 handituko zela, baina azkenean % 5 egin zuen behera, eta horrek eragin du desoreka.
Ogasun diputatuak "adostutako" irtenbide bat bilatu nahi du egoerari aurre egiteko, izan ere, beharrezkoa izango da arazoari "irtenbidea" ematea.
Aurreko ogasun arduradunek gastuetan izan duten jarrera "kontserbadorea" eskertu ondoren, Zuritak adierazi du uztailerako aurrekontuaren % 84 lotuta zegoela, eta horrek "mugatu" egiten duela egungo Aldundiaren jarduna.
Zergen inguruan erreforma bat egiteari buruzko eztabaida irekita dagoela aitortu du, baina "gastuak doitzea" lehenetsi du zergak handitzearen aurrean.
Zuritak ez du jakinarazi zer egiteko asmoa duten zerga-bilketaren beherakadari aurre egiteko, baina argi adierazi du gastu soziala eta lanpostuak sortzeari dagokiona ez dela murriztuko.
Hala ere, "iruzur fiskalaren kontrako borrokaren" garrantzia azpimarratu du.