Ekonomia -
Kezka burtsetan
Ibex 35ek % 3,4ko jaitsierarekin amaitu du asteko azken saioa
Europako burtsek galera handiekin itxi dute saioa, % 3 baino gehiago galduta, AEBetako langabeziaren datu txarrek atzeraldi berri baten kezka zabaldu dute. Arrisku saria, berriz, 312 puntura igo da.
Erredakzioa
Ibex 35ek % 3,4 galduta amaitu du saioa eta 8.463 puntuan kokatu da. AEBetan langabeziaren inguruan argitaratutako datuak ez dira batere onak izan eta horrek atzeraldi ekonimiko berri baten beldurra sortu du. Nahiz eta gaur kolpe handia jaso, Espainiako burtsako indize nagusiak % 3,4 inguru irabazi du aste honetan.
Arrisku sariak ere gora egin du nabarmen, eta nahiz eta Europako Banku Zentralak inguruko lurraldeen bonoak erosi 312 puntutan kokatu da.
Bankuen sektorean jasan ditu beherakadarik handienak. BBVAk, esaterako, % 5 galdu du, Santanderrek % 4,84. Selektiboan pisu handia duten beste balore batzuk ere jaitsiera nabarmenak izan dituzte, Repsolek, esaterako % 3,72 egin du behera eta Iberdrolak % 3,43. Mapfrek bakarrik lortu du saioa positiboan ixtea, % 0,86 igota.
Europako gainerako burtsetan ere ezkortasuna agerikoa izan da. Milangoak % 3,9 galdu du, Frankfurtekoak eta Pariskoak % 3,5, eta Londreskoak % 2,3.
Dibisen merkatuari dagokionez, euroa 1,42 dolarretan kokatu da.