Ekonomia -
Ziurgabetasun ekonomikoa
Barrosok baztertu egin du EBn beste atzeraldi bat egotea
Europako Batzordeko presidentearen esanetan, Europar Batasuneko herrialdeetan hazkunde "apala" izatea espero dute, bai EB bai euroa "sendoak eta gogorrak" baitira.
Erredakzioa
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak baztertu egin du Europar Batasunean beste atzeraldi bat egotea. Aitzitik, Europar Batasuneko herrialdeetan hazkunde "apala" egotea espero du.
"Ez dugu Europarako atzeraldirik aurreikusten. Europako Batzordeko azken iragarpenen arabera, hazkundea izango da, apala bada ere", esan du Barrosok Australiako Parlamentuan egindako bisitaldian.
Horren harian, Barrosok azaldu du bai Europar Batasuna bai euroa "sendoak eta gogorrak" direla. "Hau argi eta garbi utzi nahi dut", azpimarratu du Europako Batzordeko buruak. Barrosoren hitzetan, EBko agintariak Eurogunearen inguruko kezka ekonomikoak arintzen saiatzen ari dira, zorraren arazoei eta gobernantza ekonomikoari buruzko kezkak, bereziki.
Greziaren egoeraz galdetuta, "oraindik oso goiz da Greziak bere konpromisoak beteko dituen jakiteko", esan du, baina "hori Greziarentzat eta EBrentzat oso garrantzitsua da", gaineratu du.