Ekonomia -

KORONABIRUSA

Aldi baterako espedienteak luzatzeko negoziatzen jarraituko dute, hiruko batzordean

Luzapena astearte honetako Ministroen Kontseilura ez dutela eramango hitzeman du Lan Ministerioak; izan ere, luzapena adosteko batzordean ez da akordiorik izan.

Aldi baterako kontratuak irailaren 30era arte etetea ere proposatu du Gobernuak. Argazkia: EFE
Langile bat
Aldi baterako kontratuak irailaren 30era arte etetea ere proposatu du Gobernuak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi baterako lan-espedienteak ekainaren 30etik aurrera luzatzeko hiruko batzordean, astelehen honetan, ez da akordiorik izan, baina negoziatzen jarraitzeko asmoa dute; izan ere, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak hitzeman du ez duela neurria eramango astearte honetako Ministroen Kontseilura.

Ez dago datarik zehaztuta, hurrengo bilerarako, EFEri Lan Ministerioko iturriek esan diotenez. Espainiako Gobernuaren iritziz, astelehen honetako bileran aurrera egin dute,; berretsi dutenez, patronalari eta sindikatuei aurkeztutako dokumentua proposamena besterik ez da.

Langileak aldi baterako espedienteetan dituzten enpresei Gizarte Segurantzarentzako kuotak ordaintzetik gabetzea da Espainiako Lan Ministerioaren asmoa, baina laguntzak modu progresiboan murriztu nahi dituzte, uztailean, abuztuan eta irailean, eta lehentasuna eman nahi dio langileak lanera bueltatzeari.

"Ez da itxi jarrera komunik. Aste honetan zehar, negoziatzen jarraituko dugu. Gobernuak bermatu digu asteartean ez dutela onartuko Ministroen Kontseiluan", esan du Unai Sordo CC. OO. sindikatuko idazkari nagusiak, bilera amaituta komunikabideei helarazitako adierazpenetan.

Gizarte-elkarrizketako beste iturri batzuek, aldiz, esan dute Pedro Sanchezen Gobernua oso gutxi mugitu dela bere planteamendutik, eta ez duela ematen aukera handirik izango denik proposamena hobetzeko, gizarte-kotizazioak murrizteari lotuta.

Izan ere, Espainiako Gobernuak errege lege dekretuaren zirriborro bat helarazi die gizarte-eragileei. Zirriborro horretan, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) horiek eragindako jardueraren murrizketek iraun arte eta, gehienez jota, irailaren 30era arte luzatzea planteatzen du. Sindikatuek eta enpresek, berriz, abenduaren 31ra arte luzatzeko eskatzen dute. Oraingoz, ekainaren 30era arte dago indarrean COVID-19arekin lotutako ABEEE horien erregulazioa.

Halaber, Espainiako Gobernuak irailaren 30era arte mantenduko du arrazoi objektiboengatik kaleratzeko ezarri zuen "debekua", eta, horrek, praktikan, kalte-ordaina 33 egunera igotzea dakar lan egindako urte bakoitzeko. Aldi berean, aldi baterako kontratuen etetea ere irailaren 30era arte eustea proposatzen du, baita prestakuntzakoak, errelebokoak eta bitartekotasunekoak ere. Horrek, "de facto", kontratu horiek luzatzea dakar, nahiz eta enpresaburuak deuseztatu nahi izan.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteei dagokienez, Gobernuaren testuak ezartzen du COVID-19tik eratorritako ezinbesteko espedienteek indarrean jarraituko dutela enpresen jarduera osoa eragozten edo mugatzen duten murrizketak dauden bitartean. Murrizketa horien artean sartzen dira mugikortasunaren mugak, edukiera eta baliokideak, eta koronabirusari lotutako prebentzio- eta euste-neurriak. Nolanahi ere, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente horien indarraldia irailaren 30ean amaituko da.

Exekutiboaren zirriborroaren arabera, enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpeko enpresek eta erakundeek langileak berriro laneratu beharko dituzte. Eginbide horretan, lanaldiaren murrizketari dagokionez doikuntzak lehenetsiko dituzte, eta ezin izango da aparteko ordurik egin, ez eta kontratazio berririk hitzartu ere, enpresak langileren bat baldin badu lan-erregulazioko txostenpean.

Maiatzean eta ekainean baino kuota-salbuespen txikiagoak

Uztailaren 1etik aurrera jarduerara itzultzen diren langileen kasuan, enpresak enpresa-kuotaren % 60ko salbuespena izango du uztailean, % 50ekoa abuztuan eta % 40koa irailean, aurtengo otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago izanez gero. 50 langile baino gehiago izatekotan, salbuespena % 35ekoa izango da uztailean, % 25ekoa abuztuan eta % 15ekoa irailean.

Uztailaren 1etik etenda jarraitzen duten langileen kasuan, hau da, lan-erregulazioko espedientearekin jarraitzen dutenen kasuan, Gobernuaren zirriborroaren arabera, enpresa-salbuespena % 35ekoa izango da uztailean, % 25ekoa abuztuan eta % 15ekoa irailean, 50 langile baino gutxiago dituztenen kasuan. 50 baino gehiago badituzte, % 20koa izango da salbuespena uztailean, % 10ekoa abuztuan eta % 5ekoa irailean. Kasu horretan, salbuespena aplikatuko zaie enpresa-ekarpena eta baterako bilketaren kuotak ordaintzeari.

Ehuneko horiek maiatzerako eta ekainerako ezarri zirenak baino txikiagoak dira (% 30 eta % 60 artekoak, enpresak 2020ko otsailaren 29an zuen langile kopuruaren arabera).

Antolaketa-, ekonomia-, teknika- edo ekoizpen-arrazoiengatik dekretu berria indarrean jarri ondoren hasten diren lan-erregulazioko espedienteei martxoaren 17ko araudian ezarritako ezaugarri bereziak aplikatuko zaizkie. Gainera, azken horiek ezinbesteko arrazoiren bat indarrean dagoen bitartean izapidetu ahal izango dira.

Dekretuaren zirriborroan, Espainiako Gobernuak irailaren 30era arte luzatzen du 'Mecuida' plana. Plan horren bidez, ezkontidea edo izatezko bikotekidea zaintzeko eginbeharrak egiaztatzen dituzten besteren konturako langileek, bai eta bigarren mailara arteko odol-ahaidetasuna duten senitartekoek ere, lanaldia egokitzeko edota murrizteko eskubidea izango dute, baldin eta COVID-19aren kodearen transmisio komunitarioa saihesteko beharrezkoak diren jarduketekin lotutako aparteko inguruabarrak gertatzen badira.

Salbuespenezko inguruabar horiek gertatzen direla ulertuko da, besteak beste, COVID-19aren ondorio zuzen gisa, langilearen presentzia beharrezkoa denean senide horien zaintza pertsonal eta zuzenerako, eta ikastetxeak edo beste edozein motatako ikastetxeek itxita jarraitzen dutenean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Langabezia Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Enpresaburuak Koronabirusa