Ekonomia -
Lege Proiektua
Lan Harremanen Kontseiluan betoak saihestu nahi ditu Jaurlaritzak
Lege Proiektua datozen egunetan igorriko dute Legebiltzarrera. 1997etik indarrean zegoen araudia aldatuko du testu berriak, "Kontseiluaren eginkizunak mugatzeko eta funtzionamendua hobetzeko".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren Lege Proiektua onartu du Gobernu bileran. Honen bitartez, blokeoak eta betoak "desagerraraztea" izango da Jaurlaritzaren helburu nagusia.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako testua datozen egunetan igorriko da Eusko Legebiltzarrera. 1997etik indarrean zegoen araudia aldatuko du testu berriak, "Kontseiluaren eginkizunak mugatzeko eta funtzionamendua hobetzeko".
Jaurlaritzak azaldu duenez, onartutako aldaketak "lagungarri izango dira Kontseiluak agente sozio-ekonomikoen arteko etengabeko elkarrizketarako eta kontsultarako organo gorena izaten jarrai dezan ahalbidetzeko".
Dokumentuaren berritasun nagusien artean aipatzekoa da akordio eta erabakiak gehiengo soilez hartuko direla, blokeo eta beto egoerak saihesteko.
Kontseilua paritarioa (sindikatuak eta enpresa-erakundeak) izango da. Nolanahi ere, Jaurlaritzak soilik lan-arlokoak diren ekimenak bultzatzen baditu, Jaurlaritzak ere izango du esku hartzeko aukera, LHK hirutariko organo bihurturik.
Erakunde eta sindikatuetako eta enpresa-konfederazioetako zazpina ordezkarik osatuko dute Lan Harremanen Kontseilua. Osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez jardungo du, eta hautatutako kide bakoitzak boto bat izango du.