Ekonomia -

Erabakia

Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak kargua utzi du, datu ekonomiko txarrengatik

Datozen hiruhilekoei begira, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren eragin zuzena espero du konpainiak, lantegien itxieraren eta eraginkortasun-galeraren ondorioz.

Markus Tacke, Siemens Gamesako kontseilari ordezkari ohia. Argazkia: Markus Tacke
Markus Tacke, Siemens Gamesako kontseilari ordezkari ohia.
Markus Tacke, Siemens Gamesako kontseilari ordezkari ohia. Argazkia: Markus Tacke

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andreas Nauen orain arte Siemens Gamesako Offshore zerbitzuko arduraduna zenak Markus Tacke ordezkatuko du konpainiako kontseilari ordezkari gisa, hark dimisioa eman ostean. Izan ere, pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz konpainiaren datu ekonomiko txarrak ikusita hartu du kargua uzteko erabakia.

Enpresak Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari (CNMV gaztelaniazko sigletan) igorritako ohar batean azaldu duenez, Siemens Gamesako Administrazio Kontseiluak asteazkenean hartu zuen Nauen Siemens Gamesako kontseilari ordezkari berria izendatzeko erabakia, Tackek dimisioa eman ostean. "Aldez aurretik, eta Izendapenen eta Ordainsarien Batzordearen txostena esku artean izanda, kontseilari ordezkari gisa zituen eginkizunetatik kargugabetzea adostu zuten bi aldeek", gaineratu du konpainiak.

Nauen lau urtez izango da karguan, eta bere izendapena Siemens Gamesaren hurrengo Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean onartzea aurreikusita dago.

Konpainiak azaldu duenez, proiektuen kostuak aztertu eta COVID-19aren krisiak izango duen eragia kontuan hartuz erabaki du Markus Tacke zuen arduratik kentzea, iazko urte fiskala seguruena gorriz amaituko dela espero baitu.

Ildo horretatik, laugarren hiruhilekoan aurreratutako ustiapen-emaitza garbia (ebit) positiboa izan arren, Simens Gamesak ez du espero urte fiskal osoko bilakaera negatiboa erabat orekatzea.

"Epe laburreko erronkak gorabehera, industriaren eta konpainiaren etorkizunerako aurreikuspenak positiboak dira oraindik", gaineratu du Siemens Gamesak. Testuinguru horretan, enpresak izendatu berri duen kontseilari ordezkariak prentsaurrekoa eskainiko du gaur, osteguna, bere enpresa-estrategiari buruzko xehetasun gehiago emateko.

Siemensek 339,3 milioi euro galdu zituen bere lehen seihileko fiskalean (urria-martxoa), urtebete lehenago irabazi zituen 67 milioien aldean. Enpresaren arabera, 56 milioi euroko eragin "zuzena" izan du jada COVID-19aren krisiak (bigarren hiruhilekoan soilik).

Datozen hiruhilekoei begira, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren eragin zuzena espero du konpainiak, lantegien itxieraren eta ekoizpen-prozesuetako eraginkortasun-galeraren ondorioz, Tackek berak joan den maiatzaren 6an azaldu zuenez, aurreikuspenen berri eman zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoa Multinazionalak berriak Siemens Gamesaren inguruko albisteak Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa