Ekonomia -

Manifestaldiak

Erreformaren inguruko erreferenduma eskatu dute milaka manifestarik

PPk eta PSOEk Konstituzioaren erreforma "presaka, azpikeriaz eta gauez" adostu dutela salatu dute CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagiek.

Madrilen egindako manifestaldia. Argazkia: EFE
Madrilen egindako manifestaldia
Milaka lagun irten dira Madrilen Konstituzioaren erreformaren aurka

00:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreferenduma eskatu dute gaur milaka lagunek Espainiako hiriburuetan. Defizit publikoa mugatu nahi duen Konstituzioaren erreformaren aurka hainbat martxa deitu dituzte sindikatuek gaur, Ongizate estatuaren etorkizuna arriskuan jartzen duelako.

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagiek Konstituzioaren erreformaren inguruko erreferendum bat egiteko eskatu diote Gobernuari. PPk eta PSOEk erreforma "presaka, azpikeriaz eta gauez" adostu dutela salatu dute sindikatuetako buruzagiek.

Erreformaren aurkako manifestaldian parte hartu baino lehen egindako adierazpenetan, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan, hauteslekuetan beste hautestontzi bat jartzea "bezain sinplea" dela adierazi du Toxok.

Toxoren esanetan, erreformak 1978ko izpiritu demokratikoa urratzen du eta "indar arrotzek" (merkatuek eta beste herrialdeetako gobernuek) inposatu dute. Kalitate demokratikoa galduz "negozioa bermatzeko" helburua du erreformak, Toxoren hitzetan.

Bestalde, Konstituzioaren aldaketak "arriskutsuak" direla adierazi du Mendezek, etorkizunean kostu sozialak izango dituelako.

"Konstituzioari eman nahi zaion kolpea" kritikatu du Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak. Gainera, egiten ari diren aldaketek "merkatuak asebetetzen ez" dituztela ohartarazi du Larak, burtsen beherakadari erreferentzia eginez.

Bilbon

Bestalde, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta 200 lagun baino gehiago bildu dira Bilboko Moyua plazan Konstituzioaren erreformaren aurka protesta egiteko eta erreferendum bat eskatzeko.

Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak salatu duenez, "erreforma eskubideen kontra doa, gastua eta zorra murrizten dituelako". Gainera, erreferendum bat eskatu du herritarrek erabakitzeko eskubidea izateko eta Konstituzioaren erreforma bozkatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea