Ekonomia -
300.000 milioi dolarreko plana
Obamak enplegua sortzeko plana aurkeztuko du Kongresuan
Azpiegituretan inbertsioak eta estatuetako eta udaletako gobernuentzako laguntza zuzenak jasotzen ditu, baita langabeei zergak murriztea eta diru-laguntzak luzatzea ere.
Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak enplegua sortzeko 300.000 milioi dolarreko plan bat aurkeztuko du gaur Kongresuko bi ganberen aurrean.
Obamak bi ganbera horietako kideen aurrean hitz egingo du Kapitolioan, 19:00etatik aurrera (23:00 GMT). Ordu hori nahita aukeratu dute, AEBetako kulturan oso une berezia den ekitaldi batekin bat egin ez dezan; izan ere, futbol amerikarreko denboraldiko lehen partidua ordubete geroago hasiko da.
Oraingoz, Etxe Zuriak ez ditu AEBetako komunikabideek aurreratutako zifrak baieztatu nahi izan. Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi duenez, planak "neurri espezifiko batzuk izango ditu, neurgarriak, guztiz finantzatuak eta orain arte bi alderdiek babestu dituztenen antzekoak".
Dirudienez, planak azpiegituretan inbertsioak eta estatuetako eta udaletako gobernuentzako laguntza zuzenak jasotzen ditu, baita langileei zergak murriztea eta diru-laguntzak luzatzea ere. Halaber, langabezian dauden langileak kontratatzen dituen enpresentzako zergak arintzea ere jasotzen du.