Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Laguntzak jasotzeko erroldan gutxienez bost urtez egotea nahi du PPk

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren araudia aldatzeko lege proiektuaren zuzenketen artean sartuko du proposamena. Egun, gutxienez urtebete eskatzen dute laguntzak jasotzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte laguntzak jasotzeko erroldan gutxienez bost urtez egotea proposatuko du PPk Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren araudia aldatzeko lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketetako batean.

PPren eta gainerako alderdien zuzenketak datorren astelehenean aztertuko dituzte lege proiektuaren txostena prestatzen ari den Legebiltzarreko Batzordean.

"Gehiegikeriak saihestu" eta laguntzak jasotzeko premia dutenei laguntzak bermatzea omen da PPren helburua.

Laura Garrido legebiltzarkideak azaldu duenez, egungo krisi egoeran "kontrolak indartu" behar dira "laguntzak behar dituztenak kanpoan gera ez daitezen beste batzuek jasotzen dituztelako".

Garridok adostasuna lortzeko deia egin die Legebiltzarreko taldeei, izan ere, "badago akordiorako tartea".

Beste zuzenketetako batean, aipatu laguntzak jasotzen dituztenek oraindik jaso ditzaketen egiaztatzeko prozedurak hiru hilabetean behin egitea eskatzen dute, eta larrialdi egoeran daudenen kasuan, hilabetean behin egitea.

Era berean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta sei hilabetekoa izatea eskatuko dute, 18 hilabetekoa izan beharrean, eta laguntzak jasotzen dituen horrek lan eskaintza bati uko eginez gero, kentzea proposatzen dute. Egun, hiru lan-eskaintzari uko egin ondoren kentzen zitzaien laguntza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea