Itxi

Ekonomia

LANA

2.733 langabe gehiago EAEn eta 673 gutxiago Nafarroan ekainean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 144.448 langabe izan ditu erregistratuta ekainaren amaieran.

1:33
Langabeziaren bilakaera azken hilabeteetan. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Ekainean, koronabirusaren pandemiaren ondoriozko alarma-egoera amaitu ondoren, 2.733 langabe gehiago izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (% 1,93 gehiago), 144.448 langabe dira guztira.

2019ko ekaineko datuekin alderatuta, 33.105 pertsona gehiago daude erregistratuta Lanbideren bulegoetan, hau da, % 29,73 gehiago, Lan Ministerioak ostegun honetan emandako datuen arabera.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Arabak izan du hazkunderik handiena ekainean, % 2,36koa, maiatzean baino 561 langabe gehiago zenbatu baitituzte bertan; 24.343 langabe guztira.

Gipuzkoan, langabezia % 2,14 igo da, 821 langabe gehiago baitaude; 39.138 guztira.

Bizkaian, berriz, igoera % 1,70ekoa izan da, ekainean guztira 80.967 langabe zenbatu baitituzte, aurreko hilean baino 1.351 langabe gehiago.

2019ko datuekin alderatuta, Gipuzkoan igo da gehien langabezia, % 35,91 hazi baita (10.341 langabe gehiago, termino absolutuetan); Araban % 30,64 egin du gora (5.710 langabe gehiago) eta Bizkaian % 26,68 (17.054 langabe gehiago).

Ekainean EAEn zeuden 144.448 langabeetako 13.676 25 urtetik beherakoak ziren. Beraz, maiatzean baino 2.375 langabe gehiago daude adin-tarte horretan.

Ekainean langabeziaren gorakada nabarmenagoa izan da emakumeen artean: 1.719 langabe gehiago zenbatu zituzten, 79.313 guztira; gizonen artean, berriz, 1.012 langabe gehiago zenbatu zituzten, 65.135 guztira.

Sektore guztietan egin du gora langabeziak, eraikuntza-sektorean izan ezik, 117 pertsona gutxiago zenbatu baitituzte.

Aurreko enplegurik gabeko sektoreak 1.597 langile gehiago hartu zituen ekainean, eta zerbitzuetan, berriz, 992 gehiago.

Nafarroari dagokionez, 673 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean, aurreko hilean baino % 1,6 gutxiago. Hortaz, guztira 40.464 langabe daude, Lan Ministerioak jakitera eman duenez.

2019ko ekaineko datuekin alderatuta, 10.088 langabe gehiago daude, % 33,21 gehiago, Estatuko batez bestekoaren gainetik (% 28,09).

Kontratazioari dagokionez, 19.882 lan-kontratu erregistratu ziren ekainean, maiatzean baino % 39,4 gehiago, baina 2019ko ekainean baino % 42,5 gutxiago (14.715 kontratu gutxiago).

Espainian, guztira, 3.862.883 langabe daude, 2016ko maiatzetik atzeman ez den kopurua, 5.107 langabe gehiago baitaude. Beraz, maiatzean langabeziaren datuetan igoerak izan zuen moderazioak ildo beretik jarraitzen du.

Nestor Arana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorretako zuzendariak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan esan duenez, "lautadara iritsi gara; langabezia igotzen ari da oraindik baina asko moteldu da hazkunde hori". Langabearen profila ere ez dela aldatu azaldu du, "35 urtez azpiko emakume bizkaitarra" baita, horren hitzetan.

Langabeziaren igoeraren erritmoa moteldu egin da, kontratazioa suspertzen ari da eta aldi baterako lan-erregulazioan dauden pertsonen kopuruak behera egin du

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 144.448 langabe izan ditu erregistratuta ekainaren amaieran, 2.733 langabe gehiago erregistratu baititu (% 1,93). Horrek esan nahi du langabezia igotzeko erritmoa moteldu egin dela; izan ere, igoera martxoan (10.974 gehiago), apirilean (10.430 gehiago) eta maiatzean (3.072 gehiago) erregistratutakoa baino txikiagoa da.

"Esan dezakegu duela hilabete irudikatutako meseta egonkortzen ari dela", esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, baina honako hau gaineratu du: "Ez dugu ahaztu behar arantzaz beteriko testuinguruan jarraitzen dugula. Munduan inpaktua duen krisi ekonomikoan gaude murgilduta".

EAEn jarduera ekonomikoa eta, beraz, lan-merkatua suspertzen ari dela pentsatzera garamatzaten bi faktore gehitu behar zaizkio horri: kontratuak areagotzen ari dira eta aldi baterako lan-erregulazioko espedienteen eraginpean zeuden pertsonen % 60 lanera itzuli dira.

Ekainean, 50.631 kontratu sinatu dira EAEn, maiatzean baino % 50 gehiago, baina 2019ko ekainean sinatutakoak baino % 45,8 gutxiago dira oraindik.

Aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak direla eta, gaur egun, 72.000 pertsona daude egoera horretan; beraz, azken asteotan uneren batean egoera horretan egon direnen % 60 (112.500) dagoeneko lanean ari dira.

Horrela, industria-sektoreak joera positiboa erakutsi du; izan ere, egoera horretan egon ziren langileen % 77 (33.500) lanean daude, eta 9.700 daude oraindik lan-erregulazioan. Aldi baterako lan-erregulaziora pertsona gehien bideratu dituen sektorea da, sektore horretako langile guztien % 30 izan baitira egoera horretan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena