Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Zapaterok ostiralean berrezarriko du ondarearen gaineko zerga
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiak egindako eskari zuzena onartu du horrela.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan berrezarriko du ondarearen gaineko zerga Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiak egindako eskari zuzena onartu ostean.
Rubalcabak Ideas Fundazioak antolatuta Galapagarren egindako ekitaldi batean azaldu duenez, Zapaterori helarazi zion eskaria eta lehen ez bezala, oraingoan zergak erdi mailako klaseei ez eragitea eskatu zion.
Hautagaiaren gertuko iturrien arabera, Zapaterok onartu egin du eskaria eta datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan neurriari argi berdea emango diotela jakinarazi dio.
Zapateroren Gobernua izan zen bere garaian zerga ehuneko ehunean salbuestea erabaki zuena, baina ez zuen zerga deuseztatu.
Hori dela eta, Gobernuak errege dekretu baten bitartez berrezar dezake zerga, lege berri bat sortu gabe. Dena dela, legea aldatu egingo dute erdi mailako klaseei ez eragiteko.
Ostiralean onartuko duten zerga ez omen da izango Rubalcabak zehazki eskatzen duena, baina orain onar dezaketen bakarra da eta datorren urtean bertan dirua jasotzen hasteko aukera bakarra omen da.
Rubalcabaren helburua datorren legegintzaldian ondarearen gaineko zerga berri bat onartzea izango da.