Ekonomia -
Gizarte laguntzak
Gizarte laguntzak lortzea zailagoa izango da
Diru sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte laguntzak lortzeko baldintzak zorrozteko akordio batera iritsi dira sozialista eta popularrak.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak argi berdea eman beharko dio legearen erreformari baina, PSEk eta PPk aurre-akordioa lortu dute hainbat puntutan, besteak beste laguntzak jasotzeari trabak jarriko dizkion eskakizun batean: erroldatzean.
Orain arte Euskadiko udalen batean urtebete izena emanda egotea nahikoa zen laguntza eskatzeko, baina lege aldaketarekin, hiru urte beharko dira. Erroldatzearena betetzen ez dutenek hala ere beste aukera bat izango dute: gizarte segurantzan gutxienez bost urte kotizatu izana.
Zailtasun ekonomikoa dutenek eskatzen duten laguntza da diru sarrerak bermatzeko errentarena; soldatarik ez dutenek, edota soldata txikia dutenek eskatzen dutena.
Gaur egun diru-laguntza horren beharra 55.000 familiak dute erkidegoan. Heren bat jubilatuak dira eta beste heren bat diru-sarrera txikia dutenak.
Zabaleta "harro" azaldu da popularrekin adostutako testuarekin. Aldaketa hauek ez direla "aurrezteko" esan du, laguntza hauek emateko ereduaren "eraginkortasuna" indartzeko baizik.
"Ez da murrizketarik egongo", laguntzaren kopurua eta mugagabetasuna mantentzen baitira, adierazi du Zabaletak. "Sistemaz aprobetxatu nahi dutenenei soilik indartuko dira neurriak".
Lana
Bestalde, lan eskaintza bati uko egiten diotenek galdu egingo dute laguntza. Orain arte, lan eskaintza bati hiru aldiz uko egiten zionari, diru-laguntza horiek eskatzeko eskubidea kendu egiten zitzaion. Baina uko bakarra nahikoa izatea nahi dute.
Diru sarrerak bermatzeko errenta hau jasotzen dutenek gainera, "ez ohikoak" izan daitezkeen komunitateari laguntzeko lanak egiteko prest egon beharko dute.
Azkenik, errenta hau Lanbidek kudeatuko du 2012ko urtarriletik aurrera.