Ekonomia -
Nafarroako Administrazioa
Jimenezek (PSN) 'foru kutxen egoera dramatikoaz' ohartarazi du
Nafarroako Presidentziaren eta Administrazio Publikoen kontseilariak zenbatu duenez, Nafarroako Foru Erkidegoak 600 milioi euroko zorra du. Jimenezek aitortu duenez, "Nafarroa ZIUn dago".
Erredakzioa
Roberto Jimenez Nafarroako Foru Erkidegoko Presidentziaren, Administrazio Publikoen eta Barne kontseilariak asteazken honetan ohartarazi duenez, "diru-kutxa foralak egoera dramatikoan daude". Jimenezek zenbatu duenez, Nafarroako Foru Erkidegoak 600 milioi euroko zorra du. Hori dela eta, "Nafarroa ZIUn dago".
PSNko kontseilariak azpimarratu duenez, "Estatuak zehaztutako defizit mugak aintzat hartu gabe ere, ez dago urte honetako konpromisoak ordaintzeko dirurik".
"Ez naiz arrazoirik gabeko alarmarik zabaltzen ari. Langile publikoen soldatak ordaintzeko dirua dago, baita zerbitzu publikoentzako eta Nafarroako funtzionamendurako ere baina zuloak ere badaude", azaldu du Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.
Kontabilitate nazionaletik begiratuta, Nafarroako Foru Erkidegoak "600 milioi euroko defizita du", azpimarratu du Jimenezek. "Bakarrik orain, PSN Nafarroako Gobernura irisi denean, aitortu da zorra hau modu ofizialean", nabarmendu du.
Kontseilari sozialistaren hitzetan, "gerrikoa estutzeko unea heldu zaio Administrazioari, defizitaren mugak betetzeko". "Herritarrak jakinaren gainean egon behar dira, zuloa aitortu den baino handiagoa delako", gaineratu du Jimenezek.