Ekonomia -
Iragarpena
Gobernuak 700.000 eurotan ezarriko du ondarearen gaineko zerga
Elena Salgado baieztatu du ostiral honetan onartuko dutela zerga berria, eta 160.000 pertsonari eragingo diela.
Erredakzioa
Elena Salgado Espainiako Gobernuko Ekonomia ministro eta bigarren presidenteordeak baieztatu du ostiral honetako Ministroen Kontseiluak berreskuratu egingo duela ondarearen gaineko zerga.
Ohiko etxebizitzagatik salbuetsitako minimoa 150.000 eurotik 300.000ra igo dute.
Zerga berria aldi baterakoa izango da, hots, 2011 eta 2012 urteetarako, eta 700.000 eurotan ezarriko dute. Orotara, 160.000 pertsonari eragingo die.
Salgadok azaldu duenez, urteko diru-bilketa 1.080 milioi eurokoa izango litzateke neurria Estatu osoan ezarriko balute. Izan ere, zerga erkidegoetara bideratzen da.
Zergak aurretik zuen egitura bera izaten jarraituko du, salbuetsitako minimoak bakarrik aldatuko baitira. Autonomia erkidegoek, beraz, zerga komeni zaien moduan egokitzeko gaitasuna izaten jarraituko dute.
2012an eta 2013an 2011ko eta 2012ko aurrekontuen kontura biltzen diren diru-sarrerak, besteak beste, gizarte-politikak bultzatzeko edota defizita murrizteko erabili ahalko dute autonomia erkidegoek, presidenteordearen esanetan.
Krisi ekonomikoa dela eta, zerga hori berreskuratu beharra dagoela adierazi du, gehien dutenek gehiago lagun dezaten krisiari aurre egiten eta Espainiak defizit publikoa murrizteko onartu zituen helburuak betetzen laguntzeko.