Ekonomia -

Lan-gatazka

Siemens Gamesako Agoizko langileek oinezko martxa egin dute, lantegia itxi ez dezaten

Langileak 03:00ak aldera abiatu dira Agoizko lantegiaren ataritik Iruñerako bidean, eta 10:00ak aldera Nafarroako Parlamentura iritsi dira. Bertan, elkarretaratzea egin dute.

Siemens Gamesako langileen protesta Agoitzen, lantegiaren itxieraren aurka.
Siemens Gamesako langileen protesta Agoitzen, lantegiaren itxieraren aurka. Argazkia: ELA
Agoizko Siemens Gamesako langileek martxa bat abiatu dute lantegiaren itxieraren aurka

0:51

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siemens Gamesak Agoitzen (Nafarroa) duen lantegiko beharginek oinezko martxa egin dute Iruñerako bidean, enpresako zuzendaritzak iragarritako itxieraren aurka protesta egiteko. Energia eolikoko planta horretan 239 pertsona ari dira gaur egun lanean, baina enpresak berriki jakinarazi die lantegia erabat ixteko espedientea aurrera eramateko asmoa duela, eta, ondorioz, langile guztiak kaleratuko dituela.

Ildo horretatik, lantegi horretako langileak 03:00ak aldera abiatu dira Agoizko lantegiaren ataritik Iruñerako bidean, eta 10:00ak aldera Nafarroako Parlamentura iritsi dira. Bertan, elkarretaratzea egin dute, lantegia itxi ez dezaten.

Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariak agerraldia egingo du Ganberan 11:00etan, Agoizko lantegia ez ixteko helburuarekin egindako negoziazioen berri emateko, eta langileen etorkizunerako planak azaltzeko.

Nafarroako hainbat eragile sozial eta sindikal biltzen dituen Nafarroako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, "erabaki bidegabea eta arrazoirik gabea da 239 langile langabeziara bidaltzea".

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Agoizko lantegiaren itxiera "enpresaren diru-gosea soilik" eragin duela salatu du. Horregatik, dei egiten dio Nafarroako Gobernuari "enplegua modu eraginkorrean berma dezan Siemens Gamesak bere erabakia zuzendu arte".

Lantegi horretako dozenaka langilek fabrikaren bideragarritasuna defendatu zuten atzo, asteazkena, Siemens Gamesak Bilbon egindako akziodunen batzarraren aurrean.

Alfonso Poyo Agoizko lantegiko enpresa-batzordeko presidentearen ustez, enpresak itxiera eskatzeko ematen dituen arrazoiak "ez dira sinesgarriak", eta "horren atzean deslokalizazioa dago". Besterik gabe, "eskulana merkeagoa den beste herrialde batera doaz". Haren hitzetan, "Ezin da onartu 10 urte eskas dituen eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jaso dituen enpresa bat, nahi duenean, nahi duen lekura joatea".

Enpresako zuzendaritzak, bitartean, bere asmoei eusten die, eta lantegia ixtea "erabaki zaila baina saihestezina" dela nabarmendu du.

Hori dela eta, langileek protestekin jarraitzeko asmoa dute, enpresak jarrera aldatzea zaila dela jakin arren. Arratsaldean, batzarra egingo dute Agoitzen, Irati Bizirik herri mugimenduak antolatuta.

Itxieraren aurkako protestak aste osoan egiten ari dira. Hala, bihar, ostirala, Enpresa Batzordea enpresako zuzendaritzarekin bilduko da, eta, larunbatean, Irati Bizirik-ek antolatutako manifestazio batean parte hartuko dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Multinazionalak berriak Lana Siemens Gamesa Enplegu-erregulazioko espedienteak Salaketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak