Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ELA: "Soldatak jaistea kaleratzeak saihesteko, Tapiaren dilema faltsua da"
Sailburua “bidea prestatzen ari da”, salatu du Peio Igeregik. Lanpostuak “ez dituzte lan baldintzengatik” deuseztatuko, “lan karga faltagatik baizik”, adierazi du ELAko ordezkariak.
Agentzia | Erredakzioa
Peio Igeregi ELAko negoziazio kolektibo arduradunak Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuari erantzun dio igande honetan. Igeregiren hitzetan, Tapia “dilema faltsu” bat planteatzen ari da, kaleratzeak saihesteko soldata jaisteaz hitz egiten duenean; izan ere, lanpostuak “ez dituzte lan baldintzengatik” deuseztatuko, “lan karga faltagatik baizik”.
Arantxa Tapia sailburuak adierazpenak egin ditu El Correo egunkarian, eta Igeregik Radio Euskadin erantzun dio. “Kaleratzeetara jo baino lehen” enpresek “guztia egin behar dute”, esan du Tapiak. “Gauza asko egin daitezke”, lanaldiak murriztu eta “zergatik ez, soldatak jaitsi”, sailburuak erantsi duenez.
ELAren ahotan, sailburua “dilema faltsu” bat planteatzen ari da; izan ere, lanpostuak “ez dituzte lan baldintzengatik” deuseztatuko, “lan karga faltagatik baizik”.
“Gure iritziz, dilema faltsu bat planteatuz enpresetan lan baldintzak okertzeko bidea prestatzen ari da. Sailburua norentzat ari da lanean demostratzen dute adierazpenek”, kritikatu du.
Igeregiren hitzetan, egungo ekoizpen eredua “zaharkiturik” geratu da, “petrolioaren eta automobilgintzaren oso menpeko delako”. “Industria politika” egiteko eta “trantsizioa traumatikoa ez izateko, lidergoa azaltzea”, eskatu dio sindikatuko ordezkariak Tapiari.
ITPk eta Tubacexek kaleratzeak iragarri ondoren, bi konpainiek “azken urteetan etekin handiak lortu dituzte, eta soldaten gastua ez da % 25era heltzen”, ohartarazi du ELAko arduradunak.
“Kostu gehiegi izatea arazoa denik faltsua da, epe laburrera ekoizpen arazo bat dago. Enpresek mozkinak estutasunak gainditzeko erabili behar dituzten edo langileek esfortzua egin behar duten da galdera”, gaineratu du.
Zentzu horretan, kaleratzeak planteatzen baldin badira ELAk “mobilizazioak” deituko dituela adierazi du. “Notario lanak egiten ez dituen sailburu bat izatea gustatuko litzaiguke, berri tristeak jasoko ditugula esan beharrean trantsizioa nola egin azalduko diguna”, azpimarratu duenez.
Europar Batasunetik datozen diru-laguntzak “oso politika zehatzetara” baldintzaturik egongo dira, ohartarazi duenez. “Batzuek pentsioak murrizteko planteamenduak egin eta lan erreforma bat aurrera eramatea ezinezkoa dela diote dagoeneko”, salatu du.
Bestalde, Euskadiko elkarrizketa sozialeko mahaiak “ez du elkarrizketarik, ezta soziala ere”, nabarmendu du. “Herri honetako ordezkaritzaren % 10ak, UGTk, langileen ahotsa izateko gaitasuna du bertan”, kritikatu du.
“Tresnak ez du oraindik langileentzako benetako onurarik ekarri. Elkarrizketaren itxurak egin nahi dituzte, gure sindikatuak ez du parte hartuko. Eusko Jaurlaritzak akordio zehatzak itxi nahi baldin baditu, ELA egongo da, baina horretarako benetako elkarrizketa eman behar da”, azaldu du.