Ekonomia -
Bankuen erreskatea
EBk aitortu duenez, baliteke diru beharra duten banku gehiago egotea
Lehiakortasunerako EBko komisarioaren esanetan, "uztaileko estres frogak oso zorrotzak izan ziren baina merkatuko baldintzak aldatzen ari dira".
Erredakzioa
Joaquin Almunia Lehiakortasunerako Europar Batasuneko komisarioak aitortu duenez, uztaileko Europako bankuei egindako erresistentzia frogek izendatutako bederatzi bankuaz gain, baliteke diru beharra duten beste banku gehiago egotea. "Uztaileko estres frogak oso zorrotzak izan ziren baina ordutik hona gertatu denak eta gertatzen ari denak merkatuko baldintzak aldatu dituzte", baieztatu du Almuniak.
Almuniaren arabera, "estres frogak egin zirenean baldintzak oso zehatzak ziren baina egun, hauek aldatu dira eta hori dela eta, ezin dugu errefusatu birkapitalizazio berrien aukera".
Hala ere, uztailean egindako Europako frogen baliogarritasuna defendatu du Almuniak. "Frogak egiteko metodologia oso zorrotza da eta Nazioarteko Diru Funtsaren azterketarekin alderatuta, analisi osatuago eskaintzen du gureak", azpimarratu du.
Bederatzi bankuk huts egin zuten kaudimen frogetan: bost, espainiarrak, bi, grekoak eta bat, austriarra.