Ekonomia -
Inkesta
Herritarren % 88, lan bati uko egiteagatik prestazioa kentzearen alde
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketari buruz 1.000 herritarri baino gehiagori egindako inkesta bat aurkeztu du gaur Bilbon.
Erredakzioa
Euskadiko herritarren % 88,8ren ustez, Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen hartzaileek laguntza galdu beharko lukete, lan egiteko gaitasuna badu eta enplegu-eskaintza egoki bati uko egiten badio, baita prestakuntza-ikastaro batera huts egiten badu ere.
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketari buruz 1.000 herritarri baino gehiagori egindako inkesta bat aurkeztu du gaur Bilbon.
Ikerlana irailaren 6tik 12ra bitartean egin zuten eta, emaitzen arabera, besteak beste, herritarren %97k uste du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) hartzaileek lanean hasteko borondatea erakutsi behar dutela. Hain zuzen ere, hori da datozen asteetan Eusko Legebiltzarrean onartuko den Lege-aldaketaren berritasun nagusietako bat. "Gizarte-politikarik onena enplegua da, eta lege horri esker langabeziatik enplegura igarotzea da gure helburua", gogoratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.
2012ko urtarriletik aurrera, Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzua arduratuko da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatzeaz eta prestazio horren hartzaileak enplegurako aktibatzeaz. Erretiratuak, minusbaliatuak eta gizarte-bazterkeriako arrisku handia duten pertsonak salbuetsita egongo dira.
Aurkeztutako inkestaren ondorio nagusiei dagokienez, %95,5ek adierazi du lanik gabe eta baliabiderik gabe geratuz gero eta langabezia agortuz gero, Diru-sarrerak Bermatzeko prestazioa jasotzeko aukera izan nahiko lukeela. Halaber, inkestatuen %97,2k uste du erakundeek gizarte-prestazioak kontrolatu behar dituztela iruzurra eragozteko, eta %88,8ren ustez, hartzaileak prestazioa galdu beharko luke lan egiteko gaitasuna badu eta enplegu-eskaintza egoki bati uko egiten badio, bai eta prestakuntza-ikastaro batera huts egiten badu ere. "Ez dugu eskubiderik murriztuko. Aitzitik, sistema zuzenago bat sortuko dugu, Euskadiko herritarren elkartasuna bikaina da, baina ez mugagabea, eta ezin da dena ordaindu", azpimarratu du Zabaletak.
"Zuzenagoak izango gara baliabide hauek banatzerakoan, sistema behar handiena dutenengana iritsi dadin", gaineratu du. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titular guztien %38,4 EAEn daude, eta EAEn bertan egiten da Estatu osoko gastuaren %40,2 arlo horretan, nahiz eta Espainian pobrezia-arriskuan dauden herritarren %2,4 baino ez duen hartzen bere baitan.