Ekonomia -

Estatuan onartu eta gero

Bizkaiak Ondarearen gaineko Zerga izango du aldundiak ados jarriz gero

Neurriak 4.000 zergadun bizkaitarri eragingo die, eta 42 eta 45 milioi euro artean biltzea ahalbidetuko dio Aldundiari.

Jose Luis Bilbao, prentsaurrekoan. Irudia. EFE
Bizkaiak Ondarearen gaineko Zerga izango du aldundiak ados jarriz gero

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundia Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzeko prest agertu da "gainerako Aldundiekin adostasuna lortuz gero". Neurriak 4.000 zergadun bizkaitarri eragingo die, eta 42 eta 45 milioi euro artean biltzea ahalbidetuko du.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen foru diputatuarekin batera egindako prentsaurrekoan, atzo Kongresuak Ogasunaren gaineko Zerga berreskuratzea onartu ostean Aldundiak horren gainean duen iritziaren berri eman du.

Estatuan onartu eta "biharamunean" zerga berreskuratzeko beti prest egon direla gogoratu eta gero Bilbaok esan duenez, "ez gaude Bizkaian Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzearen kontra, baina argi gera dadila beti gure ingurua kontuan hartu behar dugula egoera kaltegarri eta desatseginak gerta ez daitezen; egoitza fiskalak deslokalizatu ez daitezen, esaterako".

Hori dela eta, Araba eta Gipuzkoako Aldundiekin zergaren inguruko gogoeta egingo duela iragarri du, "elkarren arteko adostasuna lortzea posiblea den" jakin eta Zerga-Kideketarako Sailean eztabaidatzeko, bileraren eguna oraindik zehaztuta ez badago ere.

Bilbaoren kalkuluen arabera, Bizkaian zerga berreskuratzekotan, 4.000 zergadun bizkaitarri eragingo lieke, eta 42 eta 45 milioi euro artean lortuko luke Aldundiak zerga horren bidez. Horrela "diru-bilketa handia" egin litekeela onartu arren, horrek ez lituzke arinduko "izan litezkeen defizitak", horren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea