Ekonomia -
Fiskalitatea
LABek fiskalitatearen eztabaidarekin 'iruzurrik' ez egiteko eskatu du
Ainhoa Etxaidek alderdiei fiskalitatearen inguruko neurriak benetan aldatzeko "borondatea" badute "akordio berri bat adosteko" elkarrizketa bultzatu dezatela eskatu die.
Erredakzioa
Fiskalitatearen inguruko eztabaidarekin "iruzurrik ez" egiteko exijitu die Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak alderdi politikoei eta neurri horien bidea "erabat" aldatzeko borondatea badute "akordio berri bat eraikitzeko" elkarrizketa bultza dezatela eskatu die.
LABeko ordezkaria "politika fiskal berri" eta "aurrerakoi" baten alde agertu da, krisiari aurre egiteko "giltza" izango dela azpimarratu du eta azken urteetan martxan jarritako praktikei amaiera emango diena.
Bestalde Etxaidek gogor kritikatu ditu Europar Batasunak martxan jarritako neurri ekonomikoak, neurri horiek bultzatu dituztenak "gezurra" esan dutela salatu du, ez direla krisiari aurre egiteko politikak esan du, egungo egoera ezagutu aurretik adostuta zeuden neurriak direla esan du.
Donostian, LABek eta Ipar Hegoa Fundazioak antolatutako jardunaldietan egindako hausnarketa batzuk dira. Bertan Grezia, Italia eta Portugalgo sindikatu batzuetako ordezkariek parte hartu dute, baita, Brian Carty Sinn Feinen Europako parlamentaria ere.