Ekonomia -

Ikasturte berria

Hezkuntzako sindikatuek irailaren 15eko greba deialdia erregistratu dute

Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak "konkrezio falta" duela, eta agindutako 1.000 kontratazioak ez direla gauzatu.

Sindikatuetako ordezkariak, gaur greba deialdia erregistratu ostean. Argazkia: LAB
Hezkuntzako sindikatuen ordezkariak.
Sindikatuetako ordezkariak, gaur greba deialdia erregistratu ostean. Argazkia: LAB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasgeletara itzulera "seguru eta adostua" eskatzeko irailaren 15erako deitu duten greba deialdia erregistratu dute gaur euskal hezkuntzako sindikatuetako (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) ordezkariek. Lanuztea baino lehen, hainbat mobilizazio antolatu dituzte, gaurtik hasita. Hala, ikastetxe atarietan elkarretaratzeak egin dituzte irakasleek.

ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek Lan Ikuskaritzak Bilbon duen egoitzan erregistratu dute lanuztea.

Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak "konkrezio falta" duela, eta agindutako 1.000 kontratazioak ez direla gauzatu. Gainera, batzarrak eskatu badituzte ere, biltzeko eskaintzarik ez dutela jaso kritikatu dute.

Pablo Garcia de Vicuña CCOO Irakaskuntzako bozeramaileak eta Ana Perez Steilaseko ordezkariak estu hartu dute Cristina Uriarte jarduneko sailburua. Hezkuntza arduradunak Radio Euskadin esan duenez, bi aldeak "harremanetan" izan dira maiatzetik, "abuztuan hainbesteko harremana" eduki ez dutela aitortu arren.

"Ez da egia bilerena. Beti esan dugu badaudela foro zehatzak sindikatuak eta Sailak hitz egiteko, baina Departamentuak ahaztuta eduki ditu", deitoratu du Garcia de Vicuñak. Horren hitzetan, "apiriletik ez da lan osasuneko batzorderik egon, eta ekainetik ez da planifikazio mahaia osatu".

CCOOren bozeramailearen aburuz, "hori ez da negoziatzea" eta sindikatuek "behin eta berriz" helarazi dizkieten proposamenak entzutea. Gainera, ikasturteari ekiteko protokoloa Uriartek jendaurrean aurkeztu zuen une berean ezagutu zutela sindikatuek kritikatu du.

Horrela, "zail" ikusten du greba bertan behera uztea: "Bi hilabete luze hauetan ez dute gurekin harremanik eduki nahi izan".

Ana Perez Steilas sindikatuko ordezkariak nabarmendu duenez, "gizarte osoak eta hezkuntza komunitate osoak ulertu behar du greba hau dela justu aurrez aurreko klaseak bermatzeko, hezkuntza eskubidea bermatzeko, baina noski osasun eskubidea ere bermatu behar da".

Mobilizazio gehiago, hilaren 10ean

Mobilizazioen egutegiak ostegunean, irailaren 10ean, izango du segida. Protestak daude deituta 18:00etan Hezkuntza Sailak Bilbon eta Donostian dituen ordezkaritzen aurrean, eta Lakuan (Gasteiz). Hezkuntza komunitate osoari parte hartzeko deia egin diote sindikatuek.

Protestek hilaren 15ean izango dute goia, greba deialdiarekin.

Mobilizazioak iragartzeko atzo eskainitako prentsaurrekoan sindikatuek azaldu zutenez, ikasleen ratioak jaistea da euren aldarrikapen nagusia. Ikasgelako gehienez 10-15 ikasle egotea eta bakoitzak hiru metro koadroko espazioa izatea galdegin dute. Horretarako, ezinbesteko jo dute irakasle gehiago kontratatzea, baita garbitzaile eta jantokiko eta autobuseko begirale gehiago ere.

Auziaz galdetuta, "greba deialdia ez dut ulertzen", esan du Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin. Horren ustez, "orain arte ezezaguna zen egoera bat" utzi digu koronabirusaren krisiak, eta "denok lagundu behar dugu", eta sindikatuek hobeto "hausnartzea" espero duela esan du. Nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "neurri asko" jarri ditu martxan, eta "beharrezkoak diren guztiak" ipiniko ditu aurrerantzean ere, betiere itzulera "segurua eta kalitatezkoa" izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Funtzionarioak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Umeak CCOO UGT Steilas Lan gatazkak Koronabirusa