Ekonomia -

Zigorra

3,3 milioiko isuna Nafarroako 33 eskola garraioko enpresari, kartel bat osatzeagatik

CNMC Lehiarako Batzordearen arabera, foru gobernuaren lehiaketa publikoak garestitzeko eta euren artean banatzeko kartel bat osatu zuten bost urtez.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CNMC Espainiako Lehia Merkatuaren Batzorde Nazionalak 3,36 milioi euroko isuna ezarri die Nafarroako 33 eskola garraioko enpresari eta Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteari (ANET, gazteleraz) foru gobernuaren lehiaketa publikoetan iruzurra egiteko kartel bat osatzeagatik.

Batzordeak frogatutzat jo du enpresok "Hezkuntza Kontseilaritzaren lehiaketak garestitzeko eta euren artean banatzeko kartel bat osatu" zutela 2013ko abenduaren 1etik 2018ko abenduaren 1era. Hala, enpresoi 3,36 milioiko isuna eta ANET enpresen elkarteari beste 15.000 euroko isun bat ezartzea ebatzi du Batzordeak, baita administrazioarekin lan egiteko debekua ere.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak autobusez eramateko zerbitzua esleitzeko egindako lehiaketetan iruzur egitea egotzi die enpresoi, eta horri esker, zortzi urtez, ibilbideak, lan-kargak eta prezioak euren nahiera banatzea.

Kartel hori bazela frogatzeko zantzuak gutxienez ondorengo lizitazioetan atzeman ditu CNMCk: 2013/2014 ikasturtekoan, horren luzapenetan eta 2017/2018 ikasturtekoan.

Egindako ikerketak agerian utzi du enpresek "koordinatuta" lan egin zutela. Hori horrela, "enpresetako bat lehiaketa batera aurkezten zenean, sarea osatzen zuten besteak ez ziren aurkezten, nahiz eta esleipena betetzeko moduan izan".

"Akordio hori egon ezean, enpresek eskaintzak egingo lituzkete, kontraturen bat lortzeko aukera gehiago izateko, eta prezio eta baldintza hobeak eskaintzeko lehiatuko lirateke", arrazoitu du Lehiaren Batzordeak.

Hiru ikuskapen

Nafarroako Kontu-Hartzailetzak sare horren susmoaz ohartarazi zuen Lehiaren Defentsarako Zerbitzuari, eta horrek ikerketa abiatu zuen.

Horren baitan, hiru ikuskapen egin zituzten ANET enpresen elkartearen egoitzan eta beste enpresa batzuetan, eta horiei esker froga ugari bildu zituen Batzordeak.

Lehiaren kontrako arau hauste larria egotzita, CNMCk martxan jarri du administrazioak berriz kontratatzea debekatzeko prozedura. Espainiako Kontratazio Publikoaren Kontsulta Batzordeak ebatziko du debeku hori zenbat denboraz egon beharko den indarrean.

Bide administratibotik ezin zaio errekurtsorik aurkeztu, baina kaltedunek Auzitegi Nazionalean jo dezakete bi hilabeteko epean.

Zigor handienak Compañia Navarra de Autobuses (667.297 euro), Burundesa (437.646) eta Autobuses Jimenez (223.266 euro) enpresek jaso dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Umeak Enpresaburuak Isunak