Ekonomia -
Ministroen bilera
Greziari laguntza emateko erabakia berriro atzeratu du euroguneak
8.000 milioi euroko diru-laguntza desblokeatzeko akordiorik ez dute lortu Ekonomia ministroek. Era berean, erabakia urriaren 13an ez dutela hartuko aurreratu dute.
Erredakzioa
Urriaren 13an Greziari laguntzeko seigarren laguntza tarteari buruz erabakirik ez dutela hartuko aurreratu dute euroguneko Ekonomia ministroek. Izan ere, 'troika'ren txostena ordurako prest egongo ez dela uste dute ministroek. Erabakia hartzeko datarik ez du zehaztu euroguneak.
"Troikaren txostena urriaren 13an ez da prest egongo, ondorioz, eurogunearen hurrengo bilera bertan behera utzi dut", adierazi du Jean-Claude Juncker erakundeko presidenteak bileraren ostean emandako prentsaurrekoan.
Zazpi orduko negoziaketen ostean euroguneko Ekonomia ministroek ez dute akordiorik lortu, 8.000 milioi euroko diru-laguntza desblokeatzeko. Datozen asteetan Grezia ordainketa-etenduran ez sartzeko laguntza bideratzea beharrezkoa da, baina erabakia urriaren 13an ez dutela hartuko iragarri dute ministroek.
Neurri berriak 2013an eta 2014an
2011rako eta 2012rako Greziak hartutako azken neurriak pozik hartu ditu Junckerrek, baina ahalik eta azkarren lege bihurtzeko eta indarrean sartzeko eskatu du. Gainera, 2013rako eta 2014rako neurri berriak eskatu ditu Junckerrek. Era berean, pribatizazio egistamoak azkar aurrera eramateko eskatu du euroguneko presidenteak.
Urriaren 13ko bilera bertan behera geratzen dela iragarri du Junckerrek. Hala ere, euroguneak erabakia urrian hartuko duela azaldu du Junckerrek. Atenasek diru-laguntza azaroan behar duela nabarmendu du agintariak.
Bestalde, Greziak nazioartearen laguntzarik gabe azarora arte eutsi dezakeela baieztatu du Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak.